Nikosia bitan zatitzen duen txarrantxa hesia botatzen hasi zen joan den ostegunean Turkia. Ledra kaleko alde turkiarrean kamioiak eta hondeamakinak lanean hasi ziren. NBE Nazio Batuen Erakundeko kasko urdinen oniritzia bazuten ere, ez zuten eraisketaren berri eman. Nazioarteko erakundeak bi komunitateen arteko lana egiten du.
Zipreko hiriburua da Nikosia. 1974. urteaz geroztik bitan zatituta dago. Ledra kalea, hiriburuko gune komertzial nagusia, hesi horrek erdibitzen du berrogei urtez. Iparraldeko Zipreko Errepublika Turkiarra dago alde batean eta bestean Zipreko Errepublika. Nikosian 200.000 biztanle inguru bizi dira:167.000 greko-zipretar eta 40.000 turko-zipretar gutxi gorabehera. Europan militarki bitan zatituta dagoen hiri bakarra da; alde greziarra eta turkiarra. 1974. urtean tropa turkiarrek uhartea okupatu zutenetik bitan zatituta dago.Nikosiako alde turko-zipretarreko alkatea da Simavi Asik. Gabonetarako bi aldeen artean pasabide bat irekitzea espero du: «Lendra kaleko pasabidea gabonak baino lehen ireki ahal izatea espero dugu». Michalakis Zampelas alkate greko-zipretarrak ere urratsak emateko asmoa azaldu zuen aste honetan bertan: «Beraiek euren aldeko hesiak irekitzeko aukera badute, guk nazioarteko erakundearen baimena jaso arte itxarongo dugu gure aldean ere hesiak irekitzeko».Turko-zipretarrek egindako urratsaren aurrean, Tassos Papadopoulos Zipreko Errepublikako presidenteak ere gobernuaren asmoa agertu zuen. «Gobernua hesiak irekitzeko prest egongo da 48 orduko epean». Zipreko Errepublika bakarrik onartzen du nazioarteak. Iparraldeko Zipreko Errepublika Turkiarra 1983. urtean aldarrikatu zuten turkiarrek. Ankara da ordutik hona onartzen duen bakarra.Urrats sinboliko honek, baina, ez du, oraingoz, uhartea berriz batzeko elkarrizketak abian jartzeko balio. Ledra kaleak hiriburua zeharkatzen du iparraldetik hegoalderaino. Bi aldeetako biztanleek, itzulinguruka ibili behar dute txarrantxa hesiz betetako Lerro Berdearen beste aldera igaro ahal izateko. Lerroaren bi aldeetako dendariek behin eta berriz eskatu dute hiriaren erdigunean pasabide bat zabaltzeko. Zipreko hiriburuko gune historikoko jarduera ekonomiko ahulari bultzada eman ahal izateko horrela.
Erreferendumak porrot
Iazko apirilean uhartea berriro batzeko erreferenduma antolatu zuen NBEk. Turko-zipretarrek babes osoa eman zioten nazioarteko erakundeko idazkari nagusi Kofi Annanek proposatutako planari. Uharteko bi komunitateentzako autonomia aurreikusten zuen estatu federal bat osatzeko proposamena egin zuen Annanek. Greko-zipretarrek, baina, erabat arbuiatu zuten. Lendra kalean oinezkoentzako bide bat zabaltzearekin itxaropena piztu daiteke biztanleen artean erreferendumaren porrotaren ostean. Itxaropenerako seinalea izan daiteke uhartea batzeko prozesuari so baikortasunik ez dagoen unean.
Nikosia zatitzen duen hesia botatzen hasi da Turkia
NBEren baimenaren zain, greko-zipretarrak ere prest daude botatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu