Obamatarrak ezkondu zireneko 20. urteurrenean etorri da Michelle Obama Renora, orain senarra duenarekin nola maitemindu zen azaltzera eta, senarrik eta aitarik onena ez ezik, hautagairik onena ere bera dela esatera. Ann Romneyk ere ez du Nevada ahaztu: joan den astean Renon izan zen, eta aste honetan Las Vegasen. Hautagaien emazteak ere gogor ari dira swingestatuetan, hauteskunde hauetako borrokaleku nagusietan.
Bere bizitzako gizona ezagutu zuenean, ederra, dotorea eta maitagarria zela azaldu die Renoko Unibertsitateko zelai nagusian, asteazken goizean, hiru orduz zain izan dituen hiru mila entzule ingururi, gehienak ikasleak. «Baina ez nintzen horregatik ezkondu berarekin, bere izaeragatik baizik». Eta senarraren dohainen berri eman du: zintzoa, zuzena, jatorra eta bihozbera da, eta besteen zerbitzura lan egiteko joera du. Horregatik aukeratu zuen Michellek Barack senar izateko, eta horregatik aukeratu beharko lukete estatubatuarrek beste lau urtez presidente izateko. Obama presidentea, «nire senarra», lehen eskutik ezagutzen duela gogorarazi du, zertaz ari den badakiela alegia.
Ann Romney ere senarraz hitz egitera etorri zen noski Renora, joan den ostegunean. Oso aberatsak dira romneytarrak, familia aberatsekoak biak, eta Mitt senarrak lanak ditu herritar arruntarengana sinesgarritasunez iristeko. Hain aberatsa izanik ere, gehienek baino zerga portzentaje txikiagoa ordaintzen du, legeak horretarako aukera ematen diolako eta berak legearen zirrikitu guztiak baliatzen dituelako azkenean %14 baino gehiago ez ordaintzeko. Herritar arruntaren arazoen berririk ez duela leporatzen diote demokratek, ez duela haien arazoen kezkarik. Mezu horri buelta ematea da Ann emaztearen lana. Ez dago senar hoberik, ez aita hoberik, ezta aitona hoberik ere. Eta, batez ere, jendearen arazoaz kezkatu egiten da: «Bera ondoen ezagutzen duen pertsona naiz, eta esan diezazueket gizon kezkatua dela, bihotz onekoa dela». Behar duten guztietan «Mitt hor egongo da».
Baina Michelle Obamak beste lau urte egin nahi ditu Etxe Zurian. Eta, bide batez, ez du ezkondu zireneko 20. urteurrena ospatu gabe utzi nahi. «Urteurreneko opari bat egin nahi didazue?». Baietz erantzun dioteentzuleek. «Hitz egin zuen inguruan dudan dauden guztiekin, eta konbentzitu itzazue botoa emateko». Goizean Twitter bidez senarrari bidali dion mezu berarekin bukatu du hitzaldia, oraingoan Renoko ikasleei zuzenduta: «I love you».
Nirea bai senarra
Michelle Obama eta Ann Romney bete-betean ari dira zalantzan dauden estatuetako gehiengoa bereganatu nahian, senarren dohainak nabarmenduz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu