«Liu Xiaobok herritar eskubideak aldarrikatzea besterik ez du egin; ez zaio deus txarrik leporatzen ahal», adierazi du Nobel sariaren batzordeko buruak, Txinako Gobernuari giza eskubideen aldeko ekintzailea askatzeko eskaria egitearekin batera. Alabaina, eskari hori aintzat hartzeaz oso alderantziz, Pekinek gogor salatu du hasieratik Bakearen Nobel saria «herriaren aurkako krimen egile bati» ematea. Izan ere, Liu Xiaoboari «Estatuaren aginpidea iraultzeko ahaleginetan ibiltzea» egotzi zioten, epaitzeko eta zigortzeko.
Sariaren emateari Pekinek agertutako ihardukitze bipila hizpide zuela, Jaglandek honako hau gaineratu du: «Gaur egun,ekonomia alorrean potentzia handia lortua duen arren, askok pentsatuko dute Txinak ez al duenetz ahulezia nabaria agertzen gizaki bat 11 urterako espetxeraldi batera kondenatuz, bere herrialdearen gobernu moldeaz iritzia agertzeagatik, eta horretarako soilik». Nolanahi ere, Pekinen sutan jartzea ikusita, «sari hori Liu Xiaobori ematea oso beharrezkoa eta egokia zen», nabarmendu du Nobel sariaren batzorde buruak.
Liu Xiaoboren bakezko hitzak
Jaglanden ostean, Liv Ulmann Norvegiako zinema aktoreak eginiko hitzaldiak bihotza ukitu die Osloko udaletxean bildutakoei. Ulmannek irakurri ditu Liu Xiaobok bere epaiketaren amaieran egin zituen adierazpenak. «Ez daukat ez etsairik, ez gorrotorik; zaindu, atxilotu eta galdekatu nauten polizia bakar bat ere ez du etsaitzat hartzen; auzipean jarri eta epaitu nauten fiskal eta magistratu bakar bat ere ez dut etsaitzat hartzen». Liu Xiaobok esperantza bat zabaldu zuen ere, hots, iritzi bat adierazteagatik Txinan epaitua eta zigortua izango den azkena izatea. «Adierazpen askatasuna da giza eskubideen oinarrizko euskarria», adierazi zuen disidenteak.
Nobel sarien batzordeko presidentearen ildo beretik, iazko Bakearen saridun eta Ameriketako Estatu Batuetako presidente Barack Obamak ere Liu Xiaobo «lehenbailehen aske uztea» galdegin du. Europako Batasuneko diplomazia arduradun goren Catherine Ashtonek ere halaber egin du. Ordea, Osloko udaletxean ospakizun horiek gertatzen ziren unean bertan, 50 bat txinatarrek protesta egin zuten egoitzaren aurrean, saria Liu Xiaobori emategatik. «Krimen egile batek jaso dezake Bakearen Nobel saria?»,«Bakearen Nobel saria Txinari eman!» eta halako pankartak zeramatzaten manifestariek.
Iragan urriaz geroztik etengabe egin duen bezala, Pekingo gobernuak beste behin bipil salatu zuen atzo Osloko zeremonia. «Horrelako antzerki politiko batek ez du sekula kiskaliko Txinako herriaren nahikari irmoa», irakur zitekeen Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Jiangu Yuk izenpetuta zegoen agirian. Agintearen eskupeko hedabideek ere ildo berari eutsi zioten. Hala, Herriaren Egunkaria kazetaren nazioarteko edizio Global Times egunerokoaren editorialak zioenez, «fartsa txar bat antzeztuko dute Oslon: Txinaren auzia, alegia».
Pekinek eginiko deiari erantzunez, hogeiren bat gobernuk boikotatu dute aurtengo Nobel sarien emanaldia. Txinako Gobernuarekin elkartasun argiz edo «beste zio batzuengatik» horrela jokatu direnen artean daude Afganistan,Errusia, Irak, Iran, Saudi Arabia eta Venezuela. Serbiako Gobernuak azken unean ordezkari bat bidaltzea erabaki zuen, Europako Batasunak begi txarrez hartu zuelako Belgraden boikoterako nahia.
Giza eskubideen aldeko ekintzaileak zaintza zorrotz pean jarri dituzte
Osloko ospakizunen irudirik ez dute ikusi Txinako herritarrek, hedabide handienen bitartez behintzat. Izan ere, nazioarteko hedabideen Internet guneak etenik egon dira atzoko egun guztian, eta CNN, BBC eta bestelako informazio kateetako egitarauen ordez pantaila beltz bat ageri zen.Informazioa eteteaz gain, Txinako agintariek ahaleginak oro egin dituzte disidenteen ahotsak isilarazteko. Hala, Liu Xiaoboren emazte Liu Xiaren etxearen inguruan polizia hesia ohi baino handiagoa egon zen atzo. Guztira, giza eskubideen 250 ekintzaile etxean geratzerat behartuak dira. Haietatik bat, Zhang Zuhua, herenegun atxilotu zuten.