Wangari Maathai hil da, 2004ko Bakearen Nobel saria. Minbizia zuen, eta Nairobiko ospitalean zegoen tratamendua jasotzen. Kenyan jaio zen Maathai, duela 71 urte, eta Bakearen Nobel saria jaso zuen lehen emakume afrikarra izan zen. AEB Ameriketako Estatu Batuetan egin zituen biologia ikasketak, eta baso soiltzearen aurka egin duen lanagatik da batez ere ezaguna. Horrez gain, gogor jardun zuen emakumeen eskubideen alde, eta Daniel Arap Moi Kenyako presidente ohiaren erregimenaren aurka ere egin zuen. Bere ekimenengatik bi aldiz atxilotu zuten Maathai.
Mwai Kibakiren gobernuko Ingurugiro eta Baliabide Naturalen ministroa izan zen Maathai, baita diputatua ere. 2005. urteaz geroztik, gainera, Afrikako Batasuneko Ekonomia Gizarte eta Kultura Kontseiluko presidentea zen.
1977an egin zen ezagun, Gerriko Berdea izeneko mugimendua sortu zuenean. Ekimen hari esker, 30 milioi zuhaitz baino gehiago landatu zituzten Kenyan, lurraren higadura saihesteko. 1989an, berriz, Moiren urbanizazio proiektu bat atzera botatzea lortu zuen; Nairobiko Uhuru parkea ez soiltzea lortu zuen hala.
Biodibertsitatea zaintzeko ez ezik, emakumeentzako lanpostu berriak sortzeko ere baliatu zituen Maathaik basoberritze proiektu horiek. Emakumeek gizartean zuten maila igo nahi zuen hala. Horrez gain, Moiren erregimeneko preso politikoen alde ere agertu zen Maathai. Gose greba egin zuen, espetxetik atera zitzaten.
Afrikatik kanpo ere aztarna uzten saiatu zen. Euskal Herrian, esaterako, atxikimendua eman zion Ahotsak emakume taldearen mugimenduari. 2006an Iruñeko ekitaldi batean hartu zuen parte, eta zuhaitzak landatu zituzten bakearen alde.•
Hilberria. Wangari Maathai
Nobel saria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu