Noboa eta Correa lehiatuko dira bozen bigarren itzulian, Ekuadorren

Behin-behineko datuekin, presidentetzarako lehian Noboa eskuindarra Correa ezkertiarraren aurretik doa

2006ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Presidentetzarako bigarren txandan Alvaro Noboa enpresaburu eskuindarra eta Rafael Correa ekonomista ezkertiarra lehiatuko dira, igandeko bozen behin-behineko emaitzek diotenez. Lerrook idazterako botoen %71 inguru zuten zenbatuta, eta hautagai horiek aski parekatuta zihoazen, gainerakoak lehiatik baztertuta. Noboa zihoan aurretik, %26,7rekin, eta Correak %22,5 eskuratuak zituen. Dena den, Correak zioen bozkalekuetan egindako inkestek bera ematen zutela garaile. Gainera, hauteskundeetan hainbat iruzur izan zirela salatu zuen. Nolanahi ere, lehiaren azken emaitza heldu den azaroaren 26an jakingo da, bigarren txanda egitean.

Behin-behineko zenbaketari jarraiki, Lucio Gutierrez presidente ohiaren anaia Gilmar Gutierrezek %16,36 lortu du, Leon Roldos sozialdemokratak %15,50 eta Cynthia Viteri sozialkristauak %9,91. Fernando Rosero populistak %2,15 eskuratu du eta hautagai indigena bakarrak, Luis Macasek, %2,12. Gainerako sei hautagaiek emaitza pobreagoak lortu dituzte.

Correak -Alianza Paiseko hautagaia- «mafia bati» aurre egiten ari zaiola esan du, Noboaren nagusitasuna ukatzearekin batera. «Hauteskunde Auzitegia eta Konstituzio Auzitegia [menpean] dituen mafia baten kontra ari gara, baita Defentsa ministroaren oso aldaketa susmagarriaren kontra ere, baina zer egin dezakegu? Herritarrok desarmaturik gaude». Correa Finantza ministro ohia eta Hugo Chavezen iraultza bolivarianoaren aldekoa da, Noboa ez bezala, TLC Merkataritza Librerako Itunaren kontrakoa.

«Herritargoa nagusitu da: Rafael Correa eta Lenin Moreno [presidenteordetzarako hautagaia] nagusitu ziren atzo [herenegun]; iruzurra egiten ari zaizkigu. Harrapatuta gauzkaten mafia batzuen diktaduraren aurrean gaude», salatu du Correak, baina mafiak zeintzuk diren zehaztu gabe.

Noboa, banana, kafea, banketxeak eta beste hainbat alorretako enpresaburua, PRIAN Instituzio Berrikuntzarako Alderdia-Ekintza Nazionaleko hautagaia da, eta Hauteskunde Auzitegi Gorenerako lan egiten duen E-vote enpresaren arabera, igandeko hauteskundeetako irabazlea da.

Correak salatu du bozen aurretik kaleratutako inkesta batek -Noboarekiko berdinketa teknikoa aurreikusten zuena- «iruzurrerako giroa prestatu» zuela. «Guk geure zenbaketa dugu, mahaietako ordezkariek egina, eta lehenak gara, %24,8rekin; Noboak %24,3eta Leon Roldosek %17,1 dauka. Nondik atera ditu kontuak E-vote enpresak?».

Horrez gain, salatu du zenbait eremutan bere alderdiko langileak erosteko saioak egin dituztela. Horren inguruko salaketa formala egingo duela iragarri du. Halaber, bigarren itzulirako ustezko iruzurrekin «erne» egoteko eskatu die herritarrei eta komunikabideei.

NOBOAREN ALDARRIKAPENA. Aitzitik, Noboa -presidentetzarako hirugarren saioa du- bera garaile ematen duten datuekin «pozik» agertu da, eta bigarren itzulirako itxaropentsu. «Bi posizio geratu dira argi zehaztuta: Correaren jarrera komunista, diktadurarena, Kubaren aldekoa eta nire proposamena, Espainiarena, Txilerena, AEBena eta Italiarena dena, askatasuna dagoen tokietakoa».

Urteetako ustelkeria, liskar eta borroken artean, Ekuadorko hiru presidente kargutik kendu dituzte herritarrek azken hamarkadan. Azkena, iazko apirilean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.