Esplotazio eta utzikeriaren konbinaketa da menpean izan dutenen jokabidea mendeetan, greziarretik, frantziarreraino. Lehen kolonizatzaileak kostaldean kokatzera ausartu ziren soilik. Alalia (egungo Aleria) izan zen marinel greziarrek sorturiko lehen hiria. Greziarren ondoren, erromatarrak, godoak, bandaloak, genoarrak, pisatarrak, ingelesak, eta, azkenik, frantziarrak. Jabe ugari izan ditu uharteak, horien artean banku bat ere bai (San Jorgeren Bankua, 1453. urtean).
Europako estatuak sortzeko prozesuak aurrera egin ahala, Korsika trukerako txanpon bihurtu zen. Lombardiarren eta Eliza Katolikoko Aita Santuaren arteko gerran, Vatikanoko buruaren alde agertu zen Frantzia. Konkistaturiko hainbat lurralde eman zizkion Frantziako Pepin Txikia erregeak Aita Santuari opari, Korsika tartean, 756. urtean. Pisako apezpikuaren agintepean izan zen uhartea. Vatikanok pisatarren eta genoarren artean banatu zuen Korsika 1.133an. Lehenengo banaketa, igandeko erreferendumaren lehen erreferentzia historikoa.
Ordura arteko agintari atzerritar gehienak bezala, genoarrek milaka korsikar exekutatu zituzten, uhartearen baliabideak ustiatuz poltsikoak betetzen zituzten bitartean. Egoerak XVIII. mendearen erdira arte iraun zuen. Orduan Pasquale Paoli matxinatu zen.
Korsikarrak Genoaren aurka batzea lortu zuen 1755ean, eta Korsikako Nazioaren Jeneral izendatu zuten matxinada burututa, uharteak «indipendenza» eskuratu zuenean. Hiriburua kostatik erdialdeko Corti herrira eraman zuen, Bastia/Aiacciu banaketa gainditzeko. Unibertsitatea sortu zuen han eta lehen inprimategia zein egunkaria ireki zituen.
Ametsa laster amaitu zen. Frantziak eta Genoak bat eginik Paoliren borrokalariak mendean hartu zituzten Ponte Novuko gatazkan (1769). Frantziako iraultzaren ondoren, Korsikara itzuli zen Paoli. Jakobinoek, ordea, Parisko boterea auzitan jartzen dutenentzat egun ere bizirik gordetzen duten jokabideri jarraikiz, «iraultzaren aurkari» izatea leporatu zioten Paoliri;Europa absolutista osoan aitzindari izan zen konstituzioa idatzi zuen korsikarrari, Jean-Jacques Rousseauren miresmena irabazi zuen buruzagiari. Paolik independentzia bigarren aldiz aldarrikatu zuen. Ingalaterrak laguntza eman zion, baina uhartea erregeorde baten bidez gobernatu zuen bi urtez. Londresek Korsika frantziaren eskuetan jarri zuen arte.
«Garbiketa etnikoa»
Korsikar bat izan zen uhartea frantsesteko ahalegin handiena egin zuena: Napoleon Bonaparte. Haren agintaldian eta ondorengoetan, irla utzi eta Marseilla aldean lan bila abiatzen ziren korsikarren ihesak jarraitu zuen.
Lehengo Mundu Gerra «uhartearen populazioa egokitzeko»erabili zuela egotzi diote Frantziari. Soldadu joandako korsikarren erdia ez zen itzuli (20.000 hildako). Frantziako batez bestekoarekin alderatuta, hildako kopurua bikoitza zen.
Bigarren Mundu Gerran, korsikarrak italiarrak zirela konbentzitzen saiatu zen Mussolini. Korsikarrek gerrillarekin erantzun zioten, eta munduari «maquis» (sasia, tzara) hitza eman.
Egungo Korsikaren independentziaren aldeko mugimendua 1960ko hamarkadan abiatu zen. Parisen politika kolonialistak eman zion abiada: Bastiako kostaldean zabor nuklearra hondoratu zuten, lurrazpiko froga atomikoak egiteko gune baten egitasmoa aurkeztu, Frantziako legionarioen kasernak uhartean kokatu zituzten. Gainera, Korsikako kostaldea Frantziako konpainien esku gelditu zen. Dena inportatzen zuen irlak, baina lanpostuak frantsesek eskuratzen zituzten. Ez duzu bi hitz egingo korsikar batekin, hark funtzionario postuekin egiten den «bidegabekeria» salatu gabe. «Denak kanpotarrak dira, Frantzian eginikoak eskertzeko bidaltzen dituzte hona, oporretan bezala», dio Aiacciuko kale nagusiko dendari batek. Izan ere, funtzionario kontzentrazioa batez bestekoa baino askoz handiagoa da Korsikan (hiru lagunetik bat, eta horietako %80 ez da korsikarra).
Korsikako Askapen Nazionalerako Frontea (FLNC) 1976an sortu zen, eta harekin «gau urdinak» hasi ziren. Lehergailu bidezko erasoak, urteko ehunka zenbatu dira harez geroztik. Helburuak: Estatuaren ikurrak, eraikinak eta ordezkariak, zein etxegintzan eta salmentan dabiltzan enpresak. Paris izutu zen, eta erantzun armatua ematea are arriskutsuagoa izango zela iritzita, «kontzesioak» egiten hasi zen: 1981ean Cortiko unibertsitate historikoa ireki zuten berriz. 1982an estatutu berezia eman zioten uharteari, eta 1990ean Parisek onartu zuen «Korsikako herria» badela. Halere, Frantziako Konstituzio Auzitegiari ez zitzaion egoki iruditu aldarrikapena. Joxe Legeak (1991) «autonomia» zabaldu zuen. Borroka armatuaren arazoari konponbidea eman nahi dion Lionel Jospinen Matignongo prozesuak biharko galdeketa ekarri du. Nazionalistentzat «Frantziako jakobinoen atzaparretatik askatzeko bidean urrats txiki bat» besterik ez da.
Uharteak masta altxa du. Atzerriaren banderapean ziren Irla Odoltsuetako kortsarioak. Aiacciuko badiako uhinek ekartzen duten galdera honakoa da: Korsika, noiz arte kortsario?
ATXILOKETA
Yvan Colonna, gizonik bilatuena, Poliziaren esku
Yvan Colonna atxilotu zuen atzo Frantziako Poliziak Korsikako hegoaldean. Korsikako gizonik bilatuena zen Colonna 1999tik, Claude Erignac prefetaren hilketaren egile materiala izatea leporatuta. Atxiloketa ilunabarreko 7etan gertatu zen Propiano herrixkatik gertuko Porto Polo gune menditsuko etxalde batean. Lau urte eman ditu ezkutuan Frantziako Legebiltzarreko kide ohi baten seme den ustezko FLNCko kideak. Frantziak uhartearen hegoaldean zuen ordezkari nagusia hil zuen ustezko FLNCko talde batek 1998ko otsailean, Aiacciu hirian. Gertaerak zirrara handia eragin zuen uhartean zein Parisen, eta eragin erabakiorra izan du bihar Korsikan egingo den erreferendumera eraman duen prozesuan. Azken egunotan epaiketa egiten ari zitzaien Erignac hil zuen komandoko kide izatea egotziriko hainbat lagunei. Atxiloketa galdeketarako soilik bi egun falta zirenean egin izana nabarmendu zuten atzo ezetzaren aldekoek. Hainbat iturrien arabera, baliteke Poliziak Colonna duela hainbat hilabete kontrolpean izatea. «Baietzaren aldeko kalkulu politikoa» ikusi zuen atxiloketan Ezkerreko Alderdi Erradikaleko kide batek.