Hurrengo lau urteetarako presidentea zein izango den erabakitzeko aukera dute gaur Brasilgo herritarrek. Goizean goiz bozkatu dute bi hautagaiek, Dilma Rousseff gaur egungo presidentea (PT Langileen Alderdikoa) eta Aecio Neves PSBD Brasilgo Sozial Demokraziaren Alderdiko hautagaia. Goizeko 08:00etan ireki dira lehen bozkalekuak (Euskal Herriko 11:00etan), eta hortik ordu erdira bozkatu du Rousseff presidenteak, Porto Alegren. Hortik gutxira bozkatu du Nevesek, Belo Horizonte bere jaioterrian.
Bi hautagaiek hauteskunde kanpainak azken asteetan hartu duen itxura kritikatu dute. Rousseffek adierazi duenez, kanpainak “une penagarriak eta jarrera ez egokiak” izan ditu, eta ondorioz, “populazioari ez zaiola gustatu” uste du. Nevesek, bere aldetik, “botereari eusteko hauteskunde terrorismoa erabili” izana leporatu dio Rousseffi, eta egungo presidenteak “zatiketa artifizialak sortu” dituela salatu du. PSBDko hautagaiak hauteskundeak “aberats eta pobreen” arteko lehia izatea ukatu du, eta zentzu horretan adierazi du bere konpromisoa, irabaziz gero: “Nire lehen misioa batasun nazionala bultzatzea izango da”.
Hauteskunde eguna normaltasunez bizi da Brasilen, eta Jose Antonio Dias Toffoli herrialdeko Hauteskunde Auzitegi Goreneko presidentearen hitzetan, “azken garaietako lasaienak” izaten ari dira gaurko hauteskundeak. Edonola, poliziak 66 pertsona atxilotu dituela jakinarazi du EFE agentziak, hauteskundeekin lotutako hainbat delitu egin izanagatik, zehaztu duenez.
Azken hautestontziak —Brasilgo mendebaldekoak, ordu eremu ezberdinak baititu Brasilek— Euskal Herrian gaueko 23:00ak direnean itxiko dira. Orain arteko inkestek berdintasun handia erakutsi dute bi hautagaien artean, eta Rousseff koska bat gainetik badago ere, balizko berdinketa teknikoaz ere mintzo dira hainbat iturri. Herritarrek herrialdeak bizi duen gainbehera ekonomikotik ateratzeko eredua aukeratuko dute. Rousseff estatuak ekonomian esku hartzearen aldekoa da. Bere agintaldian lehentasunezko maileguekin babestu ditu estu zeuden sektoreak, eta diru laguntza publikoak banatu ditu behartsuenen artean. Neves, aldiz, kontserbadorea da, eta agintarien esku hartzea txikitu nahi du, banka publikoaren erabilera “arrazionalizatzearekin” batera.