Anders Behring Breiviken epaiketa datorren urtean izango da, Norvegiak jakinarazi duenez. Ordura arte komunikabide guztietatik urrunduta izango dute, eta bere abokatu Geir Lippestadek baino ezingo ditu prentsaren aurrean adierazpenak egin. Neurri horrekin, Breiviken aldeko plataformaren bat sortzea galarazi nahi dute. Arrazoi berarengatik, astelehenean epailearen aurrean egindako saioa ere ateak itxita izan zen —Breivikek kazetarien aurrean eman nahi zituen azalpenak—.
Tor-Aksel Busch fiskalak argitu duenez, biktima bakoitzaren hilketagatik eman beharko ditu azalpenak epaiketan, «banan-banan». Oraingoz, 76 hildako aurkitu dituzte, eta guztien izen abizenak argitaratu ditu poliziak. Gehienek 14 eta 19 urte bitartean zituzten. Dena den, oraindik Utoya uhartearen ingurua arakatzen ari dira froga bila. Lekukoen adierazpenak ere jasotzen ari da Polizia, baina oso lan konplexua dela adierazi dute, Breivikek erasoa egin zuen egunean ehunka lagun baitzeuden uhartean.
Baliteke Breiviki gizateriaren aurkako krimenak egoztea. Hala, 30 urtera arte igoko lukete gehienezko espetxe zigorra. Izan ere, Norvegian 21 urtean dago gehienezko epea.
Kontrolak areagotuko dituzte
Norvegiako atentatuaren harira,Europako Batasuneko terrorismoan adituak direnek bilera egin zuten atzo Bruselan. Interneten muturreko taldeei egiten zaien zaintza areagotzea eta arma eta lehergailuak egiteko erabil litezkeen produktu kimikoen salmentarako neurriak hartzea proposatu dute. Produktu kimikoak erosteko garaian —lehergailuak egiteko erabil litezkeen ongarri batzuen kasuan, esaterako—, gehienezko kopuruak ezarri nahi dituzte. Armen salmentaren kasuan, kontrolak areagotu nahi dituzte. Hilabete batzuen buruan aurkeztuko dute lege proposamena.
Polonian, bestalde, gazte bat atxilotu dute. Ongarriak eta detonagailuak zituen garajean, eta Internet bidez lehergailuak egiteko asmoa zuela zabaldu zuen.
Norvegiak datorren urtean epaituko du Breivik atentatu bikoitzagatik
EBk areagotu egingo ditu neurriak; ongarrien eta armen salmenta kontrolatzeko lege proposamena egingo du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu