Anders Behring Breivikek epaileari aitortu dio bera dela Utoyako eta Osloko sarraskien egilea, haren abokatuak bezperan iragarri bezala. Hilketak bakarrik egin zituela erran dion arren, atentatuak prestatzeko laguntza izan zuela onartu du. «Gure erakundean bertze bi zelula daude», adierazi dio Breivikek Kim Heger epaileari. Hegerrek jakinarazi du ustezko hiltzaileak egindako adierazpenen harira «ikerketa gehigarri bat» egitea beharrezkoa dela. Epaileak terrorismo delitua leporatu dio Breiviki. Norvegian 21 urteko espetxe zigorra ezar daiteke horregatik. Hildakoen kopuruari dagokionez, berriz, Poliziak 93tik 68ra jaitsi du.
Poliziaren hipotesi nagusia da Breivikek bakarrik egin zituela Osloko lehergailu bidezko erasoaeta Utoya uharteko tiroketa. Ustezko hiltzaileak berak hori aitortu du. Dena den, Utoyatik bizirik ateratako zenbait lekukok egunean bertan hedabideei adierazi zieten bertze tiratzaile bat ikusi zutela uhartean. Poliziak Oslon sei lagun atxilotu zituen herenegun, Breivikekin zerikusia zutelakoan, baina aske utzi zituen.
Zerbitzu sekretuen zerrendan
Heger epaileak eta Poliziak, baina, aintzat hartu dute Breivikek atzo aitortutakoa. Hark aipatutako «erakunde» hori zehazki zer den ez dago informazio anitzik. Breivikek berak Interneten argitaratutako idazkian aipatzen du zerbait. Bertan Zaldun Tenplarioak izeneko erakunde bateko kide dela dio. Haren arabera, izen bereko Erdi Aroko ordenaren jarraipena da talde hori, eta Londresen birsortu zuten, 2002an.
Gainerakoan, bezperan bere abokatuaren bidez jakinarazitako aitorpenak berretsi dizkio Breivikek epaileari. Hala ere, bere burua ez du errudun deklaratu, aurrez iragarritakoa betez. Ustezko hiltzaileak epaileari erran dio «sozialdemokrazia zigortu» nahi izan zuela joan den ortziraleko ekintzekin, musulmanak Norvegiara «inportatu» dituelakoan. «Atxilotuak erran du atentatu horiek egin beharra zituela Norvegia eta Europako mendebaldea islametik eta marxismo kulturaletik babesteko», adierazi die hedabideei Osloko auzitegiko bozeramaile batek. Utoyako tiroketarekin Alderdi Laboristak militante gehiago bereganatzea eragotzi nahi zuela erran du Breivikek, indar horren etorkizuneko gaitasuna «mugatzeko». Izan ere, Utoyan, Alderdi Laboristako gazteek deituta, 700 lagun inguru zeuden erasoa izan zenean, horietako gehienak 14 urtetik 22ra artekoak.
Heger epaileak, azkenean, Breiviken deklarazioa eten egin du, sarraskia egiteko haren motiboak gehiago argitzea beharrezkoa ez delakoan. Breivikek berak epailearen aitzinean bere arrazoiak azaltzeko gogoa zuela adierazi zuen asteburuan bere abokatuak. Agerraldia irekia izateko eskatu zuen, eta uniformez jantzita deklaratu nahi zuen, baina epaileak ez zizkion eskariak onartu, Poliziak hala eskatuta. Breivikek agerraldia propagandarako edo balizko laguntzaileren batekin harremanetan jartzeko balia zezakeela argudiatu zuen Poliziak.
Norvegiako legedian jasotako neurririk gogorrenak hartu ditu epaileak Breiviken aurka, Fiskaltzaren eskariz. Gutxienez zortzi aste eginen ditu behin-behineko atxiloaldian, eta fiskalak hori luzatzea eska dezake, ikerketarekin jarraitzeko beharrezkoa bada. Lehen lau asteak, gainera, isolamenduan pasatuko ditu Breivikek. Ez du ez bisitak, ez eskutitzak, ez prentsa jasotzeko eskubiderik izanen. Epailearen arabera ez da «neurriz kanpoko» erabakia, leporatutako krimenak, iheserako arriskua eta frogak galtzeko arriskua kontuan hartuta. Zigor eskaerari dagokionez, berriz, terrorismo delituak gehienez 21 urteko espetxe zigorra duen arren, Norvegiako legediak formula bat du hori luzatzeko, babes zaintza deitutakoa. Horren arabera, epaileak presoa berriz ere gizarteratzeko prest ez dagoela ebatziz gero, giltzapean mantendu dezake. Breivikek epaileari adierazi dio prest dagoela bizi osoa espetxean emateko.
Jendetza Oslon
Agerraldia publikoa ez zen arren, ikusmin handia sortu zuen Osloko auzitegiaren kanpoaldean. Poliziaren konboi batean sartu zuten Breivik, eta kameralariek ustezko hiltzailearen irudiak hartu zituzten. Haren abokatua agertu zenean tentsio uneren bat izan zen, zenbait lagunek Breiviken defentsa onartu izana aurpegiratu ziotelako. Biktimen aldeko ekitaldietan ere jendetza bildu zen. Goizean minutu bateko isilunea deitu zuten herrialde osoan, eta arratsaldean, berriz, milaka lagunek elkarretaratzea egin zuten Osloko erdigunean.
Biktimei dagokionez, hain zuzen, Poliziak erran du hildako kopurua hasieran uste baino murritzagoa dela. Utoyako sarraskian 86 hildakotik 68ra jaitsi du zifra azken zenbaketan, eta Osloko bonbaren ondorioz hildakoak, berriz, zazpitik zortzira igo ditu. Nahasmen hori erreskatea eta informazioaren kudeaketa baldintza zailetan egin direlako arrazoitu du Poliziak. Utoyako uretan erreskate taldeek gorpu gehiagoren bila jarraitu zuten atzo.
Poliziaren jardunak, baina, eztabaida sortu du, eta baliteke hori are gehiago haztea, PST Norvegiako zerbitzu sekretuak aitortu duelako iragan martxoan Breivik susmagarrien zerrenda batean sartu zutela, gai kimikoak erosi zituelako. PSTko buru Janne Kristiansenek jakinarazi duenez, Breivikek hamabortz euro ordaindu zizkion Poloniako enpresa bati gai horien truke. Kopurua txikia zelako, ordea, «zainketa aktiboa» egiteari utzi zion PSTk.
PSTk hori aitortu aitzinetik, Poloniako telebista publikoak jakinarazi zuen atzo lagun bat atxilotu zutela herrialde horretan, ustez Breiviki lehergailuak egiteko ongarri kimikoa lortzeko laguntza eman ziolakoan. Geroago, baina, Poloniako Fiskaltzak jakinarazi zuen gizonezko bat galdekatu zuen arren, Poliziak ez zuela inor atxilotu, eta ez zutela inoren aurka prozedurarik abiarazi. Norvegiako Poliziaren arabera, Breivikek azken sei hilabeteetan sei tona ongarri kimiko erosi zituen, eta horrekin egin zuen Oslon jarritako lehergailua.
Poliziari kritikak
Alde batetik, Norvegiako Poliziari aurrez deus susmatu ez izana kritikatu diote, eta PSTren aitorpenak salaketa hori indartu dezake. Sarraskiaren ondoren, Breivik «radarrean» ez zutela erran zuen Poliziak, alegia, aurrez eskuin muturreko taldeekin lotzen zuen frogarik ez zutela. Bertzalde, Utoyara beranduegi iritsi izana ere leporatu diote Poliziari. Ustezko erasotzaileak ordu eta erdi egin zituen irlan gazteei tiroka, 17:00-18:30 bitartean. Poliziak 17:30 baino lehen jakin zuen tiroketen berri, baina talde bereziek ordubete behar izan zuten Oslotik Utoyara ailegatzeko (35 kilometro daude bien artean). Jens Stoltenberg lehen ministroaren arabera, ez dago herrialderik halako erasoen kontra «erabateko babesa» eduki dezakeenik.
Norvegiako sarraskia
Norvegiako ustezko erasotzaileak aitortu du bi zelulak lagundu diotela
Epaileak, terrorismoa leporatuta, zortzi asteko behin-behineko espetxealdia ezarri dio Anders Behring BreivikiUtoyan hildakoen kopurua 68ra jaitsi du Poliziak, eta Oslokoak, berriz, zortzira igo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu