Norvegian nahastea eta izua sortu du hango historiako atentaturik handienak

Gobernuaren eraikinetan bonba bat zartarazi dute, eta gazte laboristen ekitaldi batean tiroketa izan da; gutxienez 17 lagun hil dituztePoliziak pertsona bat atxilotu du, ustez bi erasoekin zerikusia duelakoan

mikel rodriguez
2011ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Izua eta nahasmena, batez ere nahasmena izan zen nagusi atzo Norvegian, herrialdeak inoiz jasan gabeko egoera bati aurre egin behar izan baitzion. Ordu gutxiren buruan, bi eraso egin zituzten; lehena Oslon, bonba baten bidez, eta bigarrena, berriz, hiriburutik gertu, Utoya uhartean. Alderdi Laboristako gazteriaren ekitaldi batean tiroketa izan zen.Poliziak lagun bat atxilotu du, eta bi erasoekin zerikusia izan dezakeela erran du. Arratsean Norvegiako Nationen egunkariak jakinarazi zuenez, erasoa «barne arazoekin» lotuta dago, eta ez jihadismoarekin. Azken datuen arabera, Oslon gutxienez zazpi lagun hil zituzten, eta Utoyan bertze hamar. Lekukoek NRK Norvegiako irratiari adierazi ziotenez, baina, gutxienez 20-30 artean izan daitezke uhartean tiroka hildakoak.

Osloko leherketak txikizio handia eragin zuen. Poliziak bonba bat zela baieztatu zuen; hainbat iturrik bonba-autoa izan zitekeela zioten. Lehen ministroaren bulegoen eta Energia eta Petrolio Ministerioaren egoitzaren ondoan izan zen eztanda, hiriko erdigunean. Parlamentua eta Norvegiako egunkari nagusia, VG, handik hurbil daude baita ere. Stoltenberg lehen ministroa bulegoan zegoen leherketa gertatu zen unean, baina onik atera zen. Norvegiako hedabideen arabera, erasoak Energia eta Petrolio Ministerioa zuen helburu.

Karrika txikituta utzi zuen eztandak, eta inguruan nahasmen handia sortu zuen. Poliziak berehalakoan itxi zuen ingurua, eta jendeari Osloko erdigunera ez hurbiltzeko gomendioa egin zion. Tren geltokiak, saltoki handiak eta bertze hainbat gune publiko jendez hustu zituen Poliziak, lehergailu gehiago egon zitezkeelakoan. Leherketaren ondoren hainbat lagunek inguruko eraikinetan harrapatuta segitzen zutela jakinarazi zuten agintariek. Egoera larria zela adierazi zuten, zenbait sute piztu baitziren. Zazpi hildakoez gain, gutxienez hamabortz zaurituren berri eman zuen Poliziak.

Sarraskia Utoya irlan

Utoya uhartean, berriz, lekukoek hedabideei adierazi zieten poliziaz jantzitako gizon bat jendetzari tiroka hasi zela. Alderdi laboristako gazteek kanpaldia antolatuta zuten bertan, eta guztira 560 lagun inguru zeuden. Horien artean 15-16 urte bitarteko nerabeak zeudela adierazi diete lekukoek hedabideei. Ekitaldian zegoen gazte batek VG egunkariari kontatutakoaren arabera, erasotzaileak pistola bat eta mira teleskopikodun erriflea zituen. Lekuko horren arabera gizasemeak «norvegiar itxura» zuen, eta «ekialdeko hizkera arrunta». Adinez 30-40 urte artekoa izan zitekeela adierazi zion gazteak VG-ri. Egunkari berari irlan zeuden gazteek adierazi diotenez, hildako kopuruak erruz gainditu dezake hasierako zifra ofiziala. AP agentziak erakutsitako argazki batzuetan ustez tiroketan hildako hainbat gazteren gorpuak ikus zitezkeen, uraren ertzean. Izan ere, lekukoek adierazi dute tiroketa hasi zenean, anitzek uretara jo zutela ihesbide bila.

Poliziak ustezko erasotzailea atxilotu zuela jakinarazi zien hedabideei. Beranduago adierazi zuen Osloko leherketarekin ere zerikusia izan zezakeela gizon horrek. Dagbladet egunkariaren arabera, gizonezkoa aurrez leherketaren gunean ikusi zutela dio Poliziak. Arrats parterako, beraz, Norvegiako hedabideek jihadisten hipotesia ezetsi egin zuten.

Hasiera batean, susmo hori zabaldu zen The New York Times-ek argitaratutako informazio baten harira. AEBetako terrorismoaren analisirako agentzia bat zuen iturri gisa. Horren arabera, Ansar al Jihad al Alami taldeak hartu du bere gain atentatua, Norvegiak Afganistanen tropak dituelako, eta bertako egunkariek Mahomaren karikaturak argitaratu zituztelako. Iazko abenduan Suedian egindako eraso saiakeraren segida dela erran du talde horrek, The New York Times-en arabera. Estokolmon ekintzaile bat hil zen, bere bonba-autoa lehertuta.

Gertakari bakana historian

Atzoko erasoa ez ohiko gertakaria da Norvegiaren historian. Herrialdean ez da borroka armatua erabili duen talderik egon, eta Bigarren Mundu Gerraz geroztik ez du atzerriko erasorik jaso. NATOko kidea da, eta nazioartean zenbait gatazka gunetan esku hartu izan du. Gaur egun, errate baterako, Afganistanen tropak ditu, eta Libian Muammar Gaddafiren erregimenaren aurkako erasoan parte hartzen ari da. Duela hiru urte Norvegiako Poliziak adierazi zuen muturreko islamismoa «arrisku nabaria» bihurtua zela herrialdearentzat, nagusiki Afganistanen tropak edukitzeagatik. «Erradikalismoa» hazten ari zela ohartarazi zuen Poliziak, «bai herrialde barnean, bai atzerrian». Orduko hartan, Norvegiako telebistak jakinarazi zuen atzoko leherketa izan zen karrika, Grubbegata,trafikoari ixteko asmoa zutela agintariek, hain zuzen bonba-autoz egin zitezkeen erasoen arriskua gutxitzeko.

Azken urteetan, baina, Norvegiak ia ez du muturreko islamismoarekin zerikusia zuten aferarik izan. Iaz bi lagun atxilotu zituzten Oslon, Al Kaedarekin zerikusia zutelakoan. Norvegiako prentsak erran zuen atzemandako lagunak Madrilgo edo Londreskoen pareko erasoa prestatzen ari zirela. Herrialdeko hedabideek ere Mula Krekarren kasua gogora ekarri zuten atzo. Krekar azken urteetan Norvegian bizi izandako buruzagi erlijioso kurdua da, Ansar al Islam alderdiaren sortzailea. Joan den astean Fiskaltzak terrorismo delitua leporatu zion Krekarri, ustez Erna Solberg ministro ohiari heriotza mehatxuak egiteagatik. «Solbergengatik deportatu egiten banaute, eta horren ondorioz hil egiten banaute, hark patu berbera edukiko du», erran zuen buruzagi erlijiosoak, Norvegiako prentsaren arabera. Krekar ezaguna da herrialdean, eta aurkako erasoak ere jasan izan ditu. Etxera tiro egin zioten behin, Oslon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.