AEB-etako hauteskunde prozesua

Obama demokraten presidentegai izendatu dute, Clintondarren onespenarekin

Hautagaia aukeratzeko ordezkarien bozketa eten egin du Hillary Clintonek, eta Obama aklamazioz izendatzeko proposamena egin du. Denverko konbentzioko parte hartzaileek bat egin dute proposamen horrekin. Halaber, Bill Clintonek Obamaren aldeko hitzaldi sutsua egin du. Nolanahi ere, Obama bera konbentziora iritsi denean bizi izan da unerik beroena.

2008ko abuztuaren 28a
13:42
Entzun
Azken hilabeteetan Barack Obama Illinoisko senadoreak AEBetako presidentegai demokrata balitz bezala jokatu du. Berak hala jokatu du, Alderdi Demokratak ere bai, eta baita AEBetako eta nazioarteko komunikabideek ere. Baina Alderdi Demokratak bart izendatu du ofizialki presidentegai, Denverko konbentzioan.

Hain zuzen ere, ordezkarien arteko bozketa bidez hautatu behar zuten presidentegaia, primarioetan borroka estuaren ondoren bigarren izan zen Hillary Clintonen aldekoen eskariz. 18 milioi boto bildu zituen Clintonek, eta babes horren onarpen gisa onartu zen bozketa egitea. Baina Hillary Clinton New Yorkeko senadorea bera izan da, azkenean, bozketa bertan behera uzteko eta Obama aklamazioz aukeratzeko eskatu duena. Zehazki, New Yorkeko ordezkarien botoa emateko txanda iritsi denean, presidentegaiari aho bateko babesa emateko eskatu du Clintonek. Nancy Pellosi konbentzioko presidenteak proposamen hori egin dio batzarrari, eta txalo zaparrada eta Obamaren aldeko aldarria izan da parte hartzaileen erantzuna. Halaxe izendatu dute ofizialki presidentegaia.

Baina Clintondarren babesa ez da horretara mugatu. Bill Clinton AEBetako presidente ohi eta Hillary Clinton presidentegai izanaren senarrak hitza hartu du batzarrean Obamari erabateko babesa adierazteko. Orain arte, hotz agertu da beti Bill Clinton Obamarekin, baina primarioetako lehia ahaztu eta AEBek behar duten presidentea Obama dela aldarrikatu du bart.

Nolanahi ere, konbentzioan orain arteko unerik beroena Obama bera batzar aretoan agertu denean bizi izan da. Presidentegaia Iowan zen kanpaina egiten, baina Joseph Biden presidenteordetzarako bere hautagaitza aurkezteko hitzaldia amaitzen ari zela, Obama Denverko oholtzan agertu da, Alderdi Demokrataren jarraitzaileen txalo eta oihuen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.