Barack Obama AEBetako presidenteak gaur hasi du Ekialde Hurbileko hainbat herrialdetan egingo duen bisita erronda. Israelera heldu da, Tel Avivera, eta hegazkinetik jaitsi ondoren harrera egin dio Benjamin Netanyahu lehen ministroak. Harekin izan da Simon Peres presidentea.
Israelgo Gobernuko ordezkariak, goi kargudunak, 250 gonbidatu eta 300 bat kazetari ere izan dira Obamaren zain. Segurtasun neurri zorrotzak hartu dituzte: segurtasun indarretako 15.000 kide izan dira.
"Bakeak Lur Santura iritsi behar du", esan du Obamak. Nabarmendu du Israelen eta AEBen arteko aliantza "betiko" dela. Netanyahuk Obamari esan dionaren arabera, palestinarrekin "bakea izan nahi" dute. "Espero dut zurekin lanean jarraitzea hurrengo lau urteetan, gure aliantza indartu ahal izateko". Horrez gain, eskerrak eman dizkio "Israelen alboan egoteagatik".
Palestinan Mahmud Abbas presidentearekin ere biltzekoa da Obama. Ostiralean, Jordaniara joango da.