Kubaren eta AEBen arteko harremanak berreskuratzeko prozesua burutu nahi du Barack Obama AEBetako presidenteak bere mandatua amaitu aurretik. Obamak nazioaren egoerari buruz egin zuen azken hitzaldian —urtarrilean— nabarmendu zuen uhartearekiko bahimenduak "urte gehiegi" iraun zuela, eta aspaldian galdu duela zentzua egoera horrek. Gaur egingo du ofizialki bisitaren iragarpena.
Hirugarren aurrez aurreko bilera izango du Obamak Raul Castro Kubako presidentearekin, eta Kubara joango den lehen aldi hau garrantzitsua izango den arren, oraindik gauza asko falta dira 60ko hamarkadatik eraikitako bahimendua kentzeko. Obamak Kubarekin harremanak berreskuratu zituen presidentea izan nahi duen arren, oso zaila dirudi datorren urtarrila bitartean arazoak gainditzea, are gehiago hauteskundeetan sarturik daudela.
Habanako gobernuak argi utzi du normalizaziorik ez dela izango bahimendua erabat kendu arte, baina Obamaren gobernuaren nahia hori izanda ere, AEBetako Ordezkarien Ganberak dauka azken hitza. Errepublikano eta demokrata askok nahi lukete bahimendua kendu; lege proiektuak ere aurkeztu dituzte, baina oraingoz ez dute kongresisten nahikoa boto eskuratzerik izan zigorrak kentzeko.
Joan den abenduan, harremanen normalizazioa iragarri eta urtebetera aurreratu zuen Obamak bisitaren asmoa, eta baldintzatzat jarri zuen disidenteekin bilera egiteko aukera: "Raul Castro presidentearekin izan ditudan zuzeneko elkarrizketetan argi utzi diot harremanean jarraituko genuela Kubaren barruan adierazpen askatasuna zabaldu nahi dutenekin".
Kubako egunerokoaren berri gertutik ikusteko "oso interesatua" zegoela esan zuen urte amaieran. "Konfiantzan esan dezaket Kubako herritarren artean askatasuna eta aukerak zabaltzen ari direla, eta nahiko nuke bisita bat egin egunerokoan hori horrela dela nabarmentzeko".
Latinoamerikan duen biraren barruan egingo du bi eguneko geldialdia. Kubara joan zen AEBetako azken mandataria Jimmy Carter izan zen, 2002an, baina ordurako bi hamarkada igarota zeuden presidentetza utzi zuenetik. AEBetako enbaxada zabaltzera joan zen Habanara. Agintean zela uhartea bisitatu duen azken presidentea Calvin Coolidge izan zen, 1928ko urtarrilean.