Arma nuklearren erabilera mugatuko duela jakinarazi zuen atzo Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Gobernuak, eta Barack Obama presidentea gaur Pragara abiatuko da, Errusiarekin horri buruzko ituna sinatzera. Obamaren atzerri politikako lorpen handiena bezala jo dute akordio historikoa.
Bihar helduko da Pragara AEBetako gobernuburua, Washingtondik, eta Dmitri Medvedev Errusiako presidentearekin batzartuko du hitzarmen ekitaldiaren aurretik.
Start itunari hartuko dio lekukoa akordio berriak. 1991n sinatu zuten itun hura George Bush eta Mikhail Gorbatxov AEBetako eta SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko buruek, 1994ko abenduan jarri zen indarrean eta joan den abenduan bukatu zitzaion iraupen epea. Hitzarmen berriaren arabera, AEB eta Errusiak bakoitzak gehienez 1.500 buru nuklear izan ditzake. Hala, bi nazioek %30 murriztuko dituzte armategiak. Egungo datuen arabera, 2.200 buru nuklear dituzte AEBek eta 2.800 Errusiak -zenbakiak ez dira zehatzak; izan ere, informazio hori sekretua da-. Horretaz gain, arma nuklearrak botatzeko ibilgailuen kopurua 800era jaitsiko dute, eta akordioa betetzen ari direla egiaztatzeko sistema ere jarriko dute.
Haiek ez ezik, buru nuklearrak dituzten beste hiru naziok sinatuko dute nazioarteko ituna: Frantziak, Txinak eta Erresuma Batuak. Aldiz, hitzarmena berretsi ez dutenen artean daude Pakistan, India eta Israel -azken hori Washingtonen oso gertuko aliatua da, baina ez du inoiz ofizialki onartu arma atomikorik duenik-.
Joan den urteko urtarriletik da AEBetako presidente Obama.
munDUA
Obama Pragara bidean, arma nuklearren erabilera mugatuko duen hitzarmena sinatzera
Errusiarekin izenpetuko du akordioa AEBetako presidenteak, bihar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu