NBE-ren goi bilera

Obama: "Saihetsezina da Kongresuak bahimendua kentzea"

Nazio Batzuen Erakundean, AEBetako presidenteak esan du dagoeneko kenduta beharko lukeela. Bihar bilduko da Raul Castrorekin, New Yorken.

Barack Obama, gaur, Nazio Batuen Erakundean egin duen hitzaldian. MATT CAMPBELL, EFE
2015eko irailaren 28a
08:17
Entzun

Nazio Batuen Erakundea New Yorken bilduta dago egunotan, eta Barack Obama AEBetako presidentea Kubako bahimendua kentzearen alde mintzatu da han. Lehenagotik ere horren alde agertu izan da, baina AEBetako Kongresuan errepublikanoek ez diote neurri hori kentzen utzi. Gaur, baina, bahimendua kentzea saihetsezina dela esan du.

"50 urtez, AEBen Kubarekiko politikak porrot egin du kubatarren bizitzak aldatzeari dagokionez. Guk hori aldatuko dugu", esan du Obamak. Haren iritziz, indarrez lortu ez dutena jarrera ireki batekin lortuko dute, eta erreformak bultzatuko dituzte. "[Kubak] Beste nazio batzuekin kooperazioa bilatzen badu, arrakasta izango du", gaineratu du.

Bihar bilduko dira Obama eta Castro, New Yorken. Obamak aitortu du euren artean desberdintasunak daudela, eta esan du AEBek giza eskubideak defendatzen jarraituko dutela. "Baina desberdintasun horiei harreman diplomatikoen bidez egingo diegu aurre, eta salerosketak areagotuz eta gure herrien arteko loturak indartuz".

Raul Castro Kubako presidenteak bahimendua kentzeko eskatu zuen larunbatean, goi bileran hitza hartu zuenean. Lehen aldiz hitz egin zuen horrek NBEren egoitzan, eta Obamak hartutako norabidea goraipatu zuen. Gogoratu zuen, ordea, indarrean dagoela bahimendua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.