«Eskaintzen dudan bidea ez da ez azkarrena, ez errazena, baina leku hobe batera eramango gaitu». Barack Obama AEBetako presidentea ziur dago AEBek egun dituzten arazoak konpondaitezkeela. Hala adierazi du datorren azaroaren 6ko hauteskundeetarako demokraten hautagai izatea onartu ostean. Alderdi Demokratak Charlotten egindako batzar nazionalean Obamak onartu egin du AEBek egoera zaila bizi dutela: «Duela lau urte ez ninduzuen hautatu nahi zenutena entzuteko, egia esateko baizik. Eta egia da urte batzuk baino gehiago beharko ditugula hamarkadetan pilatutako arazoei aurre egiteko». Hori dela eta, Obamak duela lau urte hasitako aldaketa amaitzeko lau urte gehiago eskatu dizkie herritarrei.
Batzarraren amaierako hitzaldian hautagai demokratak adierazi du herritarrek bi bide «desberdinen» artean aukeratu beharko dutela azaroaren 6an. Obamaren ustez, gainera, erabaki horrek eragin handia izango du AEBetako herritarrengan, baita hurrengo belaunaldietan ere: «Hurrengo urteetan erabaki garrantzitsuak hartuko dira Etxe Zurian. Honako gai hauek landuko dira: ekonomia, enplegua, zergak, defizita, energia, hezkuntza, gerra eta bakea». Herritarrei ohartarazi die elkarlana beharrezkoa izango dela herrialdea krisialditik ateratzeko.
Etxe Zurian jarraitzea lortuz gero, azken lau urteetan bezala Joe Biden izango du ondoanAEBetako presidenteak. Bidenek ere batzarraren azken egunean onartu du ofizialki presidenteordetzarako hautagai izatea. «Bukatuko duten misioan» lanean jarraitzeko prest dagoela adierazi du hautagaitza onartu berritan. AEBetako herritarren «indarra» ere goraipatu du hitzaldian: «Inoizko krisi larrienaren aurrean gaude. Hala ere, lehengo belaunaldien sendotasun eta adore bera erakutsi dute herritarrek».
Arreta, atzerri politikan
Errepublikanoek Tampa hirian lehengo astean egindako batzarrean, Obamaren kudeaketa ekonomikoa salatu zuten, batez ere. Demokratek, berriz, Mitt Romney presidentegai errepublikanoaren atzerri politika kritikatu dute Charlotten. Obamaren esanetan, arlo horretan «hasiberriak» dira Romney eta haren ondoko Paul Ryan. AEBetako presidentearen arabera, Romneyk uste du Gerra Hotzaren garaian bizi dela. «Ez esan Errusia dela gure aurkari nagusia, Al-Quaeda beharrean», mintzatu zaio Romneyri. Hain zuzen ere, ekitaldian behin baino gehiagotan gogorarazi dute Osama Bin Laden Al-Quaedako burua Obama agintaldian hil dutela.
AEBetako tropak Afganistandik erretiratzearen inguruan ere hitz egin du Obamak. Romney erabaki horren aurka agertu zen lehengo astean. Izan ere, aurkakoa da errepublikanoen proposamena: Defentsarako diru gehiago erabili nahi dute, eta gutxiago gobernuak martxan jarritako programa sozialetan. Obamak Alderdi Errepublikanoaren jarrera salatu du: «Nire aurkariak diru gehiago xahutuko luke tresneria militarretan. Nik, berriz, gerran erabili ordez, herrialdearen defizita murrizteko, lanpostuak sortzeko eta errepideak, zubiak eta eskolak eraikitzeko erabiliko dut diru hori».
John Kerry senatariak AEBetako presidentearen «lidergoa» goraipatu du, Charlotten egindako agerraldian. Haren arabera, Obamak egoera «penagarria» jaso zuen. «Helbururik gabeko» gerra bat zegoen Iraken, eta «utzitako» beste bat Afganistanen. AEBen aliantzak, berriz, «suntsituta» zeudela azaldu du Kerryk. Hala ere, Obamak egindako promesak bete ahal izan dituela adierazi du senatariak: «Irakeko gerra amaitu zuen, eta Afganistandik irteteko eguna ere jarri du modu arduratsuan».
Obama, Biden eta Kerryz gain, beste pertsona batzuk ere hartu dute parte Charlotteko batzarraren azken egunean. Han izan dira, besteak beste, Xavier Becerra kongresista eta Eva Longoria eta Scarlett Johansson aktoreak, Obamarentzat babesa eskatzen.
Errepublikanoen kritikak
Obamak presidentegai izatea onartu ostean eskainitako hitzaldia berehala kritikatu dute errepublikanoek. Romneyren kanpaina arduradunaren arabera, azken lau urteetan funtzionatu ez duten politika berdinak eskaini ditu hautagai demokratak. Hori dela eta, errepublikanoak ziur daude azaroaren 6ko hauteskundeak irabaziko dituztela: «Herritarrek badakite ez daudela lehen baino hobeto eta bidez aldatzeko garaia dela».
Obamak aldaketa amaitzeko lau urte gehiago eskatu dizkie herritarrei
AEBetako presidenteak esan du bere bidea ez dela «errazena», baina leku hobe batera eramango dituela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu