Obamak alderdi biko konponbideak bultzatzeko eskatu dio Kongresuari

Ordezkarien Ganberako presidente errepublikanoak ere ez dizkio ateak itxi balizko akordio bati

Arnaitz Lasarte.
2012ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
AEBetako Kongresuak erdibituta jarraituko du hauteskundeen ondoren ere. Demokratek gehiengoari eutsi diote Senatuan, baita errepublikanoek Ordezkarien Ganberan ere. Demokratek ez dituzte errepublikanoen neurriak babesten; errepublikanoek ere ez demokratenak. Barack Obama AEBetako presidentea behartuta dago tarteko irtenbideren bat aurkitzera. Horregatik, agian, batasunerako mezua zabaldu zuen garaipenaren ostean egindako agerraldian: «Familia amerikarra gara; nazio eta herri bat bezala altxatu behar gara». Eta, hurrengo egunean, akordiorako bideak bultzatzeko eskatu dio Kongresuari. «Bi alderdiko konponbideak» ezinbesteko jo ditu presidente aukeratu berriak.

Obamaren lehen zeregina zerga amildegia saihestea izango da, AEBen defizitari aurre egiteko neurriak hartzea. Obamak ez du murrizketa sozialik egin nahi, eta zergak igo nahi dizkie herritar aberatsenei. Kongresuaren osaketa ikusita, hala ere, badaki errepublikanoekin negoziatu beharko duela. Horregatik, dagoeneko deitu die bi alderdiek Kongresuan dituzten ordezkari nagusiei. Eskatu die «alderdi interesen» gainetik jartzeko «AEBetako herriaren eta ekonomiaren interesak». Obamak defizita modu orekatuan murriztu nahi du, «klase ertaineko familiei eta negozio txikiei zergak jaitsita, eta lanpostuak sortuta».

Orain arte, zergak igotzeaz ez du ezer entzun nahi izan Alderdi Errepublikanoak, Tea Party mugimendu kontserbadoreko ordezkariek itzal handia egin baitute alderdian. Hauteskundeetan jasotako porrotaren ondoren, ordea, zenbait ordezkari irekiago agertu dira balizko akordio fiskal baten aurrean. Tartean, John Boehner Ordezkarien Ganberako presidentea. Boehnerrek adierazi du aurrekontu hitzarmen bat lortzea begi onez ikusten duela, 2013rako aurreikusita dauden murrizketak saihestu ahal izateko. Azaldu duenez, haren alderdiak aberatsenei zergak igotzea onartuko luke, baina, beti ere, Obamak gastu publikoa murriztea onartzen badu: «Gastu publikoa da gure zorraren arrazoi nagusia».

Boehnerrek elkarlanera deitu du Obama: «AEBetako presidentea, zure unea da. Zure lidergoa nahi dugu. Ez errepublikano edo demokrata gisa, amerikar gisa baizik». Ordezkarien Ganberako presidentearen ustez, hauteskundeetako emaitzek taldean lan egitea eskatzen dute, «AEBen erronkei nazio gisa erantzutea».

Clinton kargua uzteko prest

Errepublikanoekin negoziatzen hasteaz gain, gobernu berria osatzea izango da Obamaren zeregina datozen asteetan. Izan ere, ia ziurra da Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak eta Timothy Geithner AEBetako Altxorreko idazkariak ez dutela segituko euren karguetan. Clintonek, behin baino gehiagotan adierazi du, hauteskundeetan gertatzen zena gertatzen zela, kargua utziko zuela haren ondorengoa izendatu orduko. Victoria Nuland Etxe Zuriko bozeramailearen esanetan, idazkari nagusiaren asmorik ez da aldatu: «Bizimodu pribatura itzuliko da; atsedena hartu, pentsatu, eta idatzi egingo du gauza guzti horietaz».

Zenbait espekulazioren arabera, Clintonek 2016ko hauteskundeetan Alderdi Demokrataren hautagai izateko helburua du. Berak, hala ere, gaiaz hitz egitea saihestu du galdetu dioten guztietan. 2008an Obamarekin lehiatu zen Clinton, presidentetzarako hautagai demokrata izateko, baina galdu egin zituen alderdi barruko hauteskundeak. Obamak bere gobernuan sartzea erabaki zuen ondoren, eta AEBetako Estatu idazkaria izan da geroztik. Haren lekua hartzeko bi hautagai daude: John Kerry senatari ohia eta presidentetzarako hautagai ohia edo Susan Rice AEBetako Nazio Batuen Erakundeko ordezkaria.

Gehitnerrek ere adierazi du ez duela Altxorreko idazkari izan nahi Obamaren bigarren agintaldian. Herrialdearen egoera ekonomikoa dela eta, haren jardunak kritika gogorrak jaso ditu azken lau urteetan. Izan ere, Bigarren Mundu Gerraz geroztik, lehen aldiz, langabezia tasa %6tik gora dago, %7,9an. Litekeena da haren lekua Jac Lew Etxe Zuriko Aurrekontuetako Bulegoko buru ohiak hartzea.

Ez dira horiek izango gobernu berrian egingo dituzten aldaketa bakarrak. Leon Panetta Defentsa idazkariak 74 urte ditu, eta harenkargua hutsik gera daiteke. Baita Eric Holder Justizia idazkariarena ere, hainbat operaziotan «akats larriak» egitea egozten baitiote. Haren ordezkoen artean bi izen aipatu dituzte: Janet Napolitano Segurtasun Nazionaleko idazkaria eta Deval Patrick Massachusettseko gobernadorea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.