Mundua

Obamak beste lau mila soldadu bidaliko ditu Afganistanera

Ehunka funtzionari zibil ere bidaliko dituzte AEBek, Afganistango Gobernuari laguntzeko asmoz.

2009ko martxoaren 27a
16:37
Entzun
Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak jakinarazi du beste lau mila soldadu bidaliko dituztela AEBek Afganistanera, "egoera gero eta arriskutsuagoa" delako. "Al Kaedak, atentatuak egiteko mugako gunean babesleku bat" bila dezakeela uste du Obamak eta, hortaz, "munduko segurtasuna jokoan" dagoela.

Gaur egun AEBek 36.000 militar dituzte Afganistanen, eta Obamak otsailean iragarri zuen beste hamazazpi mila bidaliko zituela. Beraz, denera 21.000 soldadu estatubatuar izango dira. Bertako indar armatuak trebatzea izango da euren egitekoa. Baliteke ekainean abiatzea operazioa.

Ehunka funtzionari zibil bidaltzeko asmoa ere badu AEBetako lehendakariak, gobernuari laguntzeko asmoz. Funtzionario horiek nekazaritzan, justizian eta hezkuntzan adituak izango dira. Hain zuzen, Hamid Karzai Afganistango presidentearekin hitz egin zuen atzo telefonoz Obamak.

AEBetako presidentearen aburuz, "sendoagoa, inteligenteagoa eta sakonagoa" den estrategia berria Pakistanera ere bideratuko dute, "Afganistango etorkizuna Pakistanekin estuki lotua" dagoelako. Horren ildora, Pakistani laguntza handitzeko asmoa du, "baina horretarako matxinatuen aurkako borroka areagotu eta agintari demokratikoak errespetatu beharko ditu".

AEBek Pakistani urtero ematen dion diru laguntza hirukoiztu nahi du Obamak; 1.500 milioi dolar emango lizkioke urtero.

Bestetik, Iranek Afganistani buruzko goi bileran egoteko AEBen gonbita onartu du, eta heldu den asteartean Hagan (Herbehereak) izango da.

Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak martxoaren 6an egin zion gonbit Irani. Bi herrialdeen arteko harremanak estutzeko asmoarekin gonbidatu zuten AEBek, Clintonen arabera. Obamak urtarrilean kargua hartu zuenean, Iranekin "beste kapitulu bat" hasteko asmoa azaldu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.