Azaroaren 6an izango dira AEBetako Presidentetzarako hauteskundeak, baina Barack Obama alderdi demokratako presidentegaiak eman du dagoeneko botoa. Bart eman du, Chicagon. Lehen aldia da AEBetako presidentegai batek hauteskunde egunean baino lehenago bozkatu duela. Mitt Romney errepublikanoa da beste hautagaia.
Floridan eta Virginian kanpainako ekitaldietan parte hartu ostean iritsi da Chicagora Obama. Rahm Emanuel alkateak hartu du —Etxe Zurian Obamaren kabineteburu izan zen—, eta handik zentro batera joan da botoa ematera. Gida baimena erakutsita bozkatu du makina elektroniko batean. "Ez dut esango nori eman diodan botoa", esan du, broma artean.
Aurreikuspenen arabera, hautesleen %35-40k aurrez emango dute botoa. 2008ko bozetan %30k hautatu zuten bide hori, eta Obamaren aldekoa izan zen hori —John McCain izan zen orduan errepublikanoen hautagaia—.
AEBetako presidente aukeratu aurretik Chicagon bizi izan zen. 2009ko urtarriletik da presidente.