MUNDUA

Obamak esan du ez duela erabakirik hartu Siriaren aurkako erasoari buruz

AEBetako presidenteak uste du Siriako Gobernuarena dela iragan asteko eraso kimikoaren erantzukizuna, ez oposizioarena. Txinak eskatu du NBEko behatzaileek euren lana amaitu arte "lasai" egoteko. Jordaniak ohartarazi du ez duela bere lurraldea utziko bertatik Siriari eraso egiteko. Bideoa: Obamaren adierazpenak. [Youtube]http://youtu.be/DRuRwZCEtGc[/Youtube]

jon olano
2013ko abuztuaren 29a
11:07
Entzun

Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak ez du "oraindik" erabakirik hartu Siriaren aurkako erasoaren inguruan, baina gaineratu du "inork" ez duela zalantzan jartzen iragan asteko erasoan arma kimikoak erabili zirela; areago, azaldu du Etxe Zuria ziur dela Baxar al-Assaden gobernuak egin zuela eraso hura.

PBS AEBetako telebista kate publikoan elkarrizketatu dute bart Obama. AEBetako segurtasun ordezkariekin hainbat aukera aztertzen izan dela azaldu du: "Oraindik ez dugu erabakirik hartu, baina arma kimikoen aurkako nazioarteko arauak errespetatu behar dira".

Joan den asteko erasoa nork egin zuen galdetuta, Obamak erantzun du ez duela uste oposizioak halako eraso bat egin ahal izan duenik, iritzita oposizioak ez duela "inolako arma kimikorik". "Ondorioztatu dugu Siriako Gobernua izan dela, eta horrela bada, nazioartean ondorioak egon beharko dira".

Balizko eraso baten inguruan jardun du Siriako lehen ministro Wael al Halqik ere. "Edozein inbaditzaileren hilerri bilakatuko da Siria", esan du: "Ez gara kikilduko mehatxu kolonialen aurrean. Herri siriarrak bere bizimoduarekin jarraituko du".

Lasaitasunerako deia

Damasko kanpoaldeko eraso kimikoaren eremua aztertzen ari diren Nazio Batuen Erakundeko behatzaileek euren lana "inor tartean sartu gabe" bukatu artean lasai egoteko deia egin du Txinak. Wang Yi Txinako Atzerri ministroak esan duenez, "irtenbide politikoa beti izan da Siriako gatazka konpontzeko era errealista bakarra". NBEko Segurtasun Batzordean beto eskubidea du Txinak, eta ohartarazi du Sirian NBEren babesik gabe eraso militar bati ekiteak NBEren aurka jotzea eta ekialde hurbila gehiago desegonkortzea eragingo lukeela.

NBEk ere eskatu du bide diplomatikoak agortzeko Siriaren aurkako eraso militar bat abiatu aurretik.

Bestalde, Jordaniako Gobernuak jakinarazi du gatazka konponbidean jartzeko bide politikoak babesten jarraitzen duela, eta ohartarazi Jordania ez dela "plataforma bat" izango erasoa bertatik jotzeko. Mohamad Momani Komunikazio ministroaren hitzetan, Jordaniako Gobernuaren jarrera "Jordaniako interes nazionalen inguruko kezkan eta gure aldamenekoen barne gaietan ez sartzean oinarritzen da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.