AEBetako Auzitegi Gorenak argi berdea eman dio Barack Obama presidentearen osasun erreformari. Epaileek konstituzionala dela ebatzi dute, eta Obamarentzat izugarrizko garaipena izan da, osasun erreforma presidentearen lehentasuna eta lorpen handiena izan baita. Are gehiago, demokrataren agintaldiaren ardatza izan da aurrez AEBetako ezein presidentek lortu ez duena: osasun babesa zabaltzea. «Guztion garaipena da», adierazi du Obamak gorenaren erabakia ezagutu ondoren. Presidentetzarako hauteskundeetarako lau hilabete besterik falta ez direnean, gainera, epaileen erabakiak bultzada handia emango dio Obamari Mitt Romney hautagai errepublikanoari aurre egiteko. «Ez nuen hau egin politikoki onuragarria izan zitekeela pentsatuz, nazioarentzat ona zela pentsatuz baizik», argitu du.
Erabakiak ustekabean harrapatu ditu demokratak, izan ere, gehiengo kontserbadorea duen gorenetik ez zuten aldeko sententziarik espero. Auzitegiko presidente John Roberts kontserbadoreak lau epaile progresistekin bat egin du ezustean, eta balantzan desoreka eragin du. Hori horrela, Auzitegi Goreneko bost epailek bozkatu dute osasun erreformaren alde, eta lauk, berriz, kontra.
Auzitegiak neurririk eztabaidatuenak ere onartu ditu: besteak beste, herritar guztiek osasun aseguru bat egin beharra. Kongresuak herritarrak aseguru bat kontratatzera behartzeko eskumenik ez duela dio sententziak, baina, erreforman biltzen den bezala, hori egiten ez dutenei isuna jarri ahalko die gobernuak. Era horretan asegurua izateko nahitaezkotasuna bermatu ahalko dute. Isuna legezkoa izan dadin, zerga moduan kobratu beharko duela ere zehaztu du gorenak.
Erreformaren aurka
Beharrezko aseguruarena izan da, hain justu, aurkariek erreforma konstituzioaren aurkakoa dela esateko erabili duten argudio nagusia. Gobernuak herritarrak osasun aseguru bat egitera behartu ahal baditzake, edozer erostera behartu ditzakeela kritikatu dute errepublikanoek, «baita brokolia erostera ere», hainbatetan ironiaz aipatu dutenez.
Romneyk argi utzi du azaroan presidentetzarako hauteskundeak irabazten baditu 2014an bere osotasunean indarrean sartzekoa den osasun erreforma baliogabetu egingo duela. «Beharrezkoa da egiazko erreforma batekin ordezkatzea», aldarrikatu du. «Estatubatuarrentzat aukeratzeko garaia da orain. Obamacare kendu nahi badugu Obama bera ordezkatu beharko dugu. Nire misioa hori egiten dugula ziurtatzea da», gaineratu du. AEBetako Kongresuko oposizioko errepublikanoek iragarri dute legez erreforma atzera botatzeko ahaleginean jarraituko dutela. Ekonomiari kalte egiten diola eta lanpostuak sortzea oztopatzen duela argudiatu du Ordezkarien Ganberako presidente errepublikano John Boehnerrek. «Estatubatuarrek nahi dutena da osasun erreformari zentzuzko erantzun bat ematea, herritarrek beharrezko duten zaintza babesteko (...), prezio merkeagoan». Tea Partyko kide Sarah Palinek esan du sententziak «askatasunaren heriotza» dakarrela.
Obamaren aurka alderdi errepublikanoak —eta Tea Partyak bereziki— erabili duen argudio nagusietarikoa birrindu du gorenaren sententziak, eta ondoriozkanpainan eragin handia izango duela aurreikusi dute adituek. Hain justu, Obamaren aurkako sententzia espero zuten errepublikanoek demokratei presio handiagoa egiteko. Hori horrela, hauteskunde estrategia goitik behera moldatu beharko du Alderdi Errepublikanoak.
Legearen gakoak
Herri garatuen artean sistema kaskarrena eta garestiena izan dena duindu nahi du Obamak. «Herrialdeko auzitegirik garrantzitsuenak hitz egin du. Lege hau indarrean jartzen jarraituko dugu», adierazi du presidenteak. Horretarako, osasun enpresa pribatuekin batera, Medicaid sistema indartu nahi ditu. Diru sarrera gutxi dituzten herritarrak laguntzeko gobernuaren programa da Medicaid. Dena den, programa hori indartzen ez duten estatuei zigor ekonomikoak jartzeko gobernuaren ahalmena murriztu du Auzitegi Gorenaren sententziak.
Erreformaren bidez, 30 milioi lagun ingururi eskaini nahi diete osasun zerbitzua. Gaur egun, baina, 45 milioitik gora dira AEBetan inolako osasun estaldurarik ez dutenak. Batik bat, paperik gabeko immigranteak dira sistematik kanpo geratuko direnak. Hasiera batean Obamak horiei ere osasun arreta eskaintzea zuen helburu, eta horretarako immigrazio legea aldatzen ahaleginduko zela hitzeman zuen.
Bestalde, aseguru etxeen bereizkeriak amaitu direla goraipatu du Obamak. Izan ere, hemendik aurrera ezingo dituzte legea indarrean jarri aurretik bezala gaixo daudenak baztertu, ezta gehiago ordaintzera behartu edota hainbat zerbitzu ukatu. Legearen erreformak zerbitzu gehiago ematera ere behatzen ditu aseguru etxe pribatuak.
Agindutakotik urrun
AEBetako presidenteak borroka luzea egin behar izan du legea aurrera ateratzeko, eta, atzoko erabakiak neurri batean arrazoia eman badio ere, osasun erreforma ez da berak iragarri eta agindu zuena. Izan ere, Obamak doako zerbitzua eta unibertsala desio zuen.
Goi eta behe ganbaratako langak pasatzeko, baina, Obamak amore eman behar izan zuen hainbat neurritan. Aseguru publikoaren aukera ezabatzea onartu behar izan zuen, besteak beste. Hemendik aurrera, ordea, presidenteak atzo adierazi zuenez lanean jarraituko du osasun erreforma «ahal den neurrian» hobetu ahal izateko.
Obamak irabazi du bataila
AEBetako Auzitegi Gorenak ebatzi du presidenteak bultzatutako osasun erreformak ez duela konstituzioa urratzenErrepublikanoek ohartarazi dute legea atzera botatzeko lanean jarraituko dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu