Besteak beste, atzerri politika, armen kontrola eta osasungintza izan dira bi hautagai demokraten arteko eztabaidagaiak. Clinton da lehia horretan faborito, eta Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako egungo presidenteak zortzi urtez eginiko lana defendatu du hark; "Obamaren ondarearen gainean eraikitzen jarraitzeko" nahia azaldu du Clintonek, eta "iraultza politiko bat" gauzatzekoa Sandersek.
Osasun erreforma jo du Clintonek "Obamaren, alderdiaren eta herrialdearen lorpen handienen" artean. Sandersek, berriz, hura "hobetzeko" asmoa azaldu du. Atzerri politikari dagokionez, berriz, Clintonek baztertu egin du Siriara eta Irakera AEBetako armada bidaltzeko aukera, baina ez aire bidez erasoak egitea.