Bi alderdi nagusien tira-bira handien artean onartu du AEBetako Ordezkarien Ganberak Barack Obamaren plan ekonomikoa. AEBetako presidente berriak proposatutako diru kopurua baino apalagoa onartu dute, ordea. Gehiengo demokrataren asmoa 825.000 milioi dolar bideratzea zen, baina Ganberan oposizio errepublikanoarekin izandako eztabaidan 816.000 milioira jaitsi da; halere, geroago beste 3.000 milioi dolar erantsi dizkiote planari, garraio gastuetarako. Nolanahi ere, errepublikanoek kontra bozkatu dute. Senatua heldu den astean hasiko da plana eztabaidatzen.
Ameriketako Estatu Batuak 1929tik krisi ekonomikorik handiena pairatzen ari dira orain, espekulazio finantzarioak eraginda, gehienbat.
Alderdi Demokrataren proiektuak zerga murrizketak eta gastu fiskalak aurreikusten ditu datozen bi urteetarako, eta aldeko 244 boto eta kontrako 188 jaso ditu Ordezkarien Ganberan. Alferrik izan da Obama egunotan Alderdi Errepublikanoko buruekin bildu izana, ez baititu konbentzitu.
Eztabaidan hainbat emendakin jaso ditu Obamak bultzatutako planak. Gehiengo demokrataren asmoa krisiari aurre egiteko proiekturako 825.000 milioi dolar bideratzea zen, baina Ganberan oposizio errepublikanoarekin izandako eztabaida sutsuan 816.000 milioira jaitsi da; halere, geroago beste 3.000 milioi dolar erantsi dizkiote planari, garraio gastuetarako. Azkenean, beraz, 819.000 milioiko aurrekontua bideratuko dute AEBetako ekonomia lehengoratzeko asmoz.
Oposizio errepublikanoak aurkeztutako 475.000 milioi dolarreko aurrekontu alternatiboa ez da aurrera atera. Orain arte agintean izan den alderdiko ordezkarien iritziz, Obamaren plana "kostu handikoa eta eraginik gabekoa" izango da ekonomia pizteko.
Senatua otsailean hasiko da plana eztabaidatzen
Planak 647 orrialde ditu, eta hiruzpalau milioi lanpostu sortzea edota mantentzea aurreikusten du, baita azpiegituran eta energia arloko proiektuetan inbertsioak bultzatzea, eta langabetuei eta tokiko nahiz estatuetako gobernuei laguntzak bideratzea. Lege proiektuan 365.000 milioi dolar ageri dira estatu mailako azpiegituretarako, eta 180.000 milioi langabetuentzako eta gizarte programetarako.
Gainera, 275.000 milioi dolarreko zerga murrizketak aurreikusten ditu.
Obamak bi alderdi nagusien babesa espero zuen, batez ere errepublikanoekin egunotan bilerak egin ondoren. Halere, pozik agertu da Ordezkarien Ganbarak plana onartu duelako. Etxe Zuriko agintariak nabarmendu du AEBak "une arriskutsuan" daudela, eta ezin dela denbora galdu ekonomia berpizteari dagokionez.
Senatua heldu den astean hastekoa da plana eztabaidatzen. Ganbara horretako senatari errepublikanoek jakinarazi dute, hura moldatu nahi dutela.
Eztabaida eta onarpen epeak betetzen badira, azken dokumentua otsailaren 16an iritsiko da Etxe Zurira, presidenteak sina dezan.
Mundua
Obamaren plan ekonomikoa onartu du AEBetako Ordezkarien Ganbarak, errepublikanoen babesik gabe
Krisi ekonomikoari aurre egiteko 819.000 milioi dolar bideratuko ditu Etxe Zuriak. Senatua heldu den astean hasiko da plana eztabaidatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu