«Ez dut uste Israelek Irani eraso egiteko erabakirik hartu duenik. Haiek, guk bezala, uste dute Iranek alde batera utzi behar duela armak nuklearrak sortzeko programa». Adierazpen horrekin ukatu du Barack Obama AEBetako presidenteak joan den astean Leon Panetta AEBetako Defentsa idazkariak esandakoa. Udaberrian Tel Avivek Teherani eraso egitea «oso posible» dela esan zuen Panettak.
Iranen programa nuklearraren inguruko gatazka diplomaziaren bidetik konpondu beharra dagoela nabarmendu du Obamak, baina ez du bestelako biderik ere baztertu. «Ahal dugun guztia egingo dugu Iranek bonba nuklearra izan ez dezan eta nazioartean armategien norgehiagokarik ez sortzeko», adierazi du Obamak. Haren ustez, arriskutsua litzateke «norgehiagoka nuklearra» hastea «horrelako eskualde ezegonkor batean». Halaber, Turkiako Atzerri ministro Ahmet Davutogluk esan du Irani erasotzeak «hondamendia» eragingo lukeela Ekialde Hurbilean. «Horregatik, hondamendia gertatu baino lehen, negoziazio serioetan sartu behar dugu denok», gaineratu du.
Atxiloketak Iranen
Obamak, hain zuzen ere, Irango Gobernuak AEBetan dituen aktibo eta ondasun guztiak —Irango Banku Zentralarenak barne— blokeatzeko zigorra sinatu zuen atzo Washingtonen. Azken hilabeteetan hainbat zigor ekonomiko ezarri dizkiote AEBek zein Europako Batasunak Teherani programa nuklearra oztopatzeko. Iranek, ordea, zailtasunak zailtasun programari eutsiko diola adierazi du behin eta berriz.
Bestalde, Irango Poliziak «pertsona talde bat» atxilotu zuen atzo ustez BBC Erresuma Batuko telebista publikoarentzat informazioa pasatzeagatik, Irango Mehr agentzia informazioaren arabera. «Ezkutuan lan egiten zuten BBCren persierazko zerbitzuarentzat, eta dirutza handiak jasotzen zituzten». Agentziak, halere, ez du argitu ez zenbat lagun atxilotu dituzten ez zein den informazioaren iturria.
Obamaren ustez, Israelek oraindik ez du hartu Irani eraso egiteko erabakia
AEBetako presidenteak Irango Gobernuaren eta Banku Zentralaren aktiboak blokeatzeko zigorra sinatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu