AI Amnesty International «oso kezkatuta» dago, eta Turkiako Justizia Ministro Sadullah Ergini gutun bat bidali dio, gobernua prestatzen ari den presoen gaineko lege proiektuak presoen eskubideak urratuko lituzkeela ohartaraziz. Izan ere, Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileriaren Alderdiko burua espetxean bakartuta egoteak legearen babesa izan dezan, lege proposamen bat aurkeztu zuen urtarrilaren 18an Ankarako parlamentuko AKP Justizia eta Garapenerako Alderdiaren taldeko buru Ahmet Aydinek. Ocalanek zazpi hilabete daramatza bere abokatuekin eta senideekin bildu barik, eta lege berria onartuz gero, bakartzea betikotuko litzateke. Legeak parlamentuaren babesa jasotzen badu, AIren ustez, «modu arbitrarioan ezarri ahal izango da, eta ez da horren kontra egiteko bide eraginkorrik geratuko, eta presoek abokatuekin eta senideekin harremana izateko duten oinarrizko eskubidea urratuko da».
Are gehiago, egungo Turkiako legediak jada presoen eskubideak urratzen dituela ere salatu du AIk, zigorrak era arbitrarioan ezartzen direla eta zigorren kontrako helegiteek ez dutela eraginkortasunik. Lege proposamen berriak, gainera, ez du biltzen abokatuarekin egoteko debekua saihesteko adina babes neurri.
Ocalani abokatuekin eta senideekin biltzea behin eta berriz debekatu diotela salatu du AIk. Hamahiru urte daramatza preso PKK-ko buruak, Imrali uharteko kartzelan, Istanbuldik gertu, eta azken hilabeteetan bi aitzakia erabili dituzte bisitak eragozteko: eguraldi txarra eta uhartea lehorrarekin lotzen duen itsasontzi zerbitzua etenda dagoela. Lege berriak Ocalanen bakartzea are gehiago justifikatzeko balioko lukeela uste du AIk. Gainera, Turkiako Gobernuak presoen eskubideen gainean NBE Nazio Batuen Erakundeak onartutako hitzarmenak bete behar dituela gogorarazi dio giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeak Ankarari.
Atxiloketak Istanbulen
Bien bitartean, kurduen atxiloketek ez dute etenik Turkian. Atzo gutxienez beste hamar lagun atxilotu zituen Poliziak Istanbulen, KCK auzia delakoaren barruan. Poliziak ez du argitu zeintzuk diren atxilotuen kontrako karguak. PKK «talde terroristatzat» jotzen dute Ankarak, AEBek eta Europako Batasunak; Turkiaren arabera, KCK Kurdistango Herri Konfederazioa PKKren adar politikoa da, eta KCK-ko kide izatea egozten die atxilotuei. Urtea hasi denetik 1.300 lagunetik gora atxilotu dituzte operazio beraren barruan.
Gobernuaren errepresio estrategiari aurre egiteko eta preso politikoei babesa erakusteko, bi eguneko gose greba hasi zuten atzo BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdi kurduko legebiltzarkideek eta Lanaren Demokraziaren eta Askatasunaren Blokekoek BDPren Ankarako egoitzan. «Gobernuaren gerra estrategiak kurduentzako konponbide baketsuaren prozesua oztopatu du», esan dute legebiltzarkideek. Negoziazioak nahi ditugu, ez gerra eta bakartzea leloarekiko kartelak jarri dituzte gose greba dauden aretoan.
Kurduera, tabua
Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna izan zen atzo, eta ospakizunetarako arrazoirik ez dutela nabarmendu zuen Turkiako IHD Giza Eskubideen Elkarteak. Ama hizkuntza Turkian oraindik ere tabu dela salatu du erakundeak.
Egungo Konstituzioak —1980. urtekoa da— soilik turkiera jotzen du hizkuntza ofizialtzat. Lausanneko 1923ko hitzarmenak, berriz, Turkiako nazioen hizkuntzak aitortzen zituen.
Ocalan bakartuta edukita, presoen eskubideak urratzen dira, AIren arabera
PKK-ko buruaren egoerari legearen babesa emango dion lege proiektu bat ari da lantzen Turkia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu