Kurdistan

Ocalan: "Historikoa eta beharrezkoa ikusten dut kongresu bat egitea PKKren borroka armatua gelditzeko"

Kurdistango Langileen Alderdiko buruzagi historikoaren mezua argitaratu dute Newroz jai nazionalean. "Garai berrira egokitzeko estrategia eta taktika politiko eta sozial berriak" eztabaidatzeko eskatu dio Kurdistango burujabetzaren aldeko mugimenduari.

PKKren jarraitzaileak Nowruz jai nazionala ospatzen. SEDAT SUNA / EFE
mikel rodriguez
2015eko martxoaren 21a
13:09
Entzun

Duela bi urte, Newroz kurduen urteberriko ospakizunarekin bat, Abdullah Ocalanek Imrali uharteko espetxetik bidalitako mezu historiko bat argitaratu zuten. PKK gerrillari su-etena ezartzeko eskatu zion bertan. Turkiarekin bake prozesu bat egiteko bultzada erabakigarria izan zen hura. Bi urte geroago bertze mezu bat argitaratu du Ocalanek, eta hori ere historikotzat hartu dute Kurdistanen. "Historikoa eta beharrezkoa ikusten dut kongresu bat egitea PKK-k 40 urte inguruan Turkiako Errepublikaren aurka egin duen borroka armatua gelditzeko, eta garai berrira egokituko diren estrategia eta taktika politiko eta sozial berriak hartzeko ordua dela uste dut".

Ocalanen eskari hori joan den hilaren bukaeran argitaratu zuten lehenengoz HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko diputatuek, PKK-ko buruzagi historikoari espetxean bisita bat egin ondotik. Gaur argitaratutako mezua jada Ocalanen adierazpen ofizialtzat har liteke, gainera, kurduentzat hagitz erranahi bereziko egunean egin baitu. Duela astebete, Cemil Bayik KCK Kurdistango Herri Konfederazioaren presidentekideak adierazi zuen Ocalan zela gerrillak armak uztera konbentzi ditzakeen bakarra. Kurdistango burujabetzaren aldeko eragileak biltzen ditu KCK-k, PKK gerrilla barne. 

PKK 1984an matxinatu zen Turkiaren aurka. Ordutik, 40.000 lagun inguru hil dituzte gatazkan. 2012tik elkarrizketan ari dira gobernua, Ocalan, gerrillako ordezkariak eta HDP Kurdistango burujabetzaren aldeko HDP alderdiko kideak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.