Inor gutxik ezagutzen ditu Kim Jong-un Ipar Koreako hurrengo estatu buruaren bertuteak eta gabeziak. Izan ere, herrialdearen hermetismo informatiboak ez du tarte handirik lagatzen Kim Jong-ilen seme gaztearen orain arteko ibilbidea zein izan den jakiteko. Betiereko presidentea-ren bilobari eta Lider maitatua-ren semeari Kamarada argia ezizena jarri zion Ipar Koreako prentsak, aitak 2010eko iraileko desfile militarrean lehenengoz jendaurrean aurkeztu zuenean. Orain, aita hil berritan, Oinordeko handia ezinez bataiatu du herrialdeko informazio agentzia ofizialak.
Kim Jong-Ilen hirugarren emazte Ko-young-hee dantzari ohia du ama Kim Jong-unek, baina ez dago argi noiz jaio zen: 1983. urtearen amaieratik eta 1984.aren hasierara bitartean kokatzen dute haren jaiotza. Hego Koreako komunikabideen arabera aitaren antz handia du semeak, bai itxura fisikoan zein izakeran. Halaber, iaz 20 urteko ikasle korear batekin ezkondu eta alaba bat izan zuela diote Seuleko informazio iturriek. Bere ibilbidearen gaineko datuak ere oso lausoak dira. Suitzan egin zituen ikasketak, eta ingelesa, alemana eta frantsesa menderatzen ditu. Ikasketak amaituta, Piongiangera bueltatu zen 2000n, eta zazpi urte geroago gradua lortu zuen Kim Il Sung Unibertsitate Militarrean.
Nolanahi ere, iazko irailean hasi zuen, publikoki, botererako bidea, aita apoplexiak jota zegoenean. Langileen Alderdiko Batzorde Militar Zentraleko presidenteorde izendatu zuen Kim Jong-ilek, eta baita armadako teniente jeneral ere. 27 urte ingururekin, munduko laugarren armada handienaren ardura du Kim Jong-unek. Aitaren kargua bere gain hartuz gero, potentzia nuklearren arteko agintaririk gazteena bihurtuko litzateke Oinordeko handia. Haren gaztetasunak, hain zuzen, zalantzazko irudia eman diezaioke Jong-uni: bere aitonak 30 urtez hezi zuen aita oinordeko gisa, berak, aldiz, bi urte baino ez ditu egin oinordeko gisa.
Oinordeko nagusia izan arren, Kim Jong-un ez da Lider maitatua-ren seme nagusia. Kim Jong-nam da haren lehen semea, 40 urtekoa, baina 2001ean galdu zuen oinordeko izateko aukera: Tokioko Disneyland parkera joateko pasaporte faltsua erabili zuen, eta Japoniako mugan atxilotu zuten (Txinan bizi da orain). «Hirugarren belaunaldian oinordetza dinastikoa erabiltzearen kontra nago. Baina nire aitak halaxe erabaki du[Kim Jong-un hautatzea]. Ez zait axola, niri ez zait interesatzen», esan zuen Kim Jong-namek 2009an Hego Koreako Chosun Ilbo egunkarian. Bigarren semeak ere, Kim Jong-chulek, ez du botererako biderik egin. «Bigunegia eta finegia» da aitaren ustez.
Boterera iritsiz gero, erronka ugari izango ditu Kim Jong-unek. Batetik, nazioarteko politikaren norabidea zehaztu beharko du, azken hilabetean AEBetara hurbiltzeko keinuak egin ostean. Bestetik, 2009az geroztik ez aurrera ez atzera dauden programa nuklearraren gaineko sei estatuen bilerara itzuli ala ez ere erabaki beharko du. •
Soslaia. Kim Jong-un
'Oinordeko handia'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu