Iazko abenduaren 11n ebakuntza bat egin ondoren, Hugo Chavez Venezuelako presidentearen osasunak okerrera egin du azken orduetan. Infekzio bat sortu zaio biriketan, eta arnasteko zailtasunak izatea eragin dio horrek. Hala jakinarazi du Villegasek. Komunikazio ministroak adierazi du gobernuak konfiantza duela Chavez artatzen ari diren sendagileengan.
Halaber, "nazioaz gaindiko sare mediatikoak" abiatutako "gerra psikologikoa" kritikatu du Villegasek. Hainbat hedabideren nahia Venezuela "desorekatzea" dela ohartarazi du, eta urriaren 7an Venezuelako presidentetzarako hauteskundeetan izandako emaitzei entzungor egitea leporatu die.
Bestalde, Nicolas Maduro Venezuelako presidenteordeak esan du Chavez "berandu baino lehen" itzuliko dela Venezuelara. Madurok azaldu du presidentea jabetzen dela duen osasun egoera "konplexuaz".