Anthony Tata jeneralak babeslekuan informazio baliagarria aurkitu zutela esan zuen: «Inteligentzia informazio ugari aurkitu dugu, eta aurkaria presionatzen jarraitzeko oso baliagarria izango da». Borroka oso gogorra izan zela adierazi zuen, era berean, jeneralak: «Koalizio indarrak suhartasunez borrokatu dira eta aurkari kopuru handia garaitu dute. Oso triste gaude gure soldaduen heriotzagatik, eta negarrez ari gara. Soldadu horiek egindako ahaleginak, dena den, gure oroimenean egongo dira terroristen babesleku hau deuseztatzen dugun arte».Afganistanen aurten talibanen eta okupazio indarren artean izandako borroka gogorrena izan zen atzokoa. Datozen hilabeteotan okupazioaren kontrako erasoaldi gogorra hasiko dutela jakinarazi zuten talibanek. Mohammad Hanif bozeramaileak udaberria garai aproposa dela adierazi zuen. «Eguraldia epelagoa da eta erasoaldia jada abiatu da». Duela lau urte okupatu zutenetik 220 militar hil dira Afganistanen, talibanen erasoetan. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko tropak une honetan hegoaldean kokatzen ari dira. Erresuma Batuak hiru mila soldadu bidaliko ditu aurki, apirilaren amaierarako. Herbehereak, Errumaniak, Danimarkak eta Australiak ere bidaliko dituzte soldaduak.
Helmand eskualdea
Afganistango hegoaldean dauden eskualdeetan gertatzen ari da borroka gehien: Kandaharren eta Helmanden. Pakistanekin daukate muga eta, menditsuak direnez, ezkutalekuak dituzte bertan talibanek. Gobernuaren arabera, maiz mugaren bestaldean ezkutatzen dira gerrillariak.
Helmand eskualdea da opio-belar gehien ekoizten den eskualdea. Heroina egiteko erabiltzen da opioa eta herrialdeko diru iturri nagusietako bat da. Munduan kontsumitzen den heroinaren % 87 ekoizten da Afganistanen. Barne Produktu Gordinaren % 60 lortzen da opioari esker. Okupazio indarrek duela lau urte talibanak agintetik bota zituztenetik nabarmen igo da opioaren ekoizpena herrialdean.
KRISTAUTUTAKO MUSULMANAREN AUZIA
Rahmani herrialdetik ateratzen ez uzteko eskatu du Legebiltzarrak
Islama baztertu eta kristautasunera bihurtu zen hogeita bost urterekin Abdul Rahman egun berrogeita bat urte ditu. Hilaren hasieran atxilotu zuten, eta, hainbat egunez preso egon ondoren, iragan astelehenean askatu zuten. Auzitegi Gorenak buruko arazoak dituela ebatzi zuen igandean, eta fiskalak berak ere kendu egin zituen haren aurkako salaketak.
Lege Islamikoaren arabera, islama baztertzea heriotzarekin zigortzen da. Afganistango buruzagi erlijioso nagusiek hura aurkitu eta hiltzeko agindu zieten atzo beren jarraitzaileei. Kabulgo Pul e Txar kartzelatik irten ondoren, desagertu egin zen Rahman.Gobernuari herrialdetik ateratzen ez uzteko eskatu zion atzo Legebiltzarrak. Hainbat informazio iturriren arabera, jada atzerrian zegoela ziurtatu zuten ordurako. Rahmanek asilo eskaera eskatu zuen atzerrian. Italia asiloa emateko prest agertu zen herenegun. Italiako lehen ministro Silvio Berlusconik atzo herrialdera iritsi zela adierazi zuen: «Gauean iritsi zen». Pakistanen gobernuz kanpoko erakunde batean lanean aritu ondoren bihurtu zen kristautasunera Rahman. Alemanian bizi izan zen aurretik hainbat urtez. Bere senideek salatu egin zuten.