Ustezko berrogeita hamar taliban hil dituzte azken lau egunotan Afganistanen. Okupazio indarrek zuzenean parte hartu dute heriotza horiek guztiak eragin dituzten erasoetan. Afganistango Armadako soldaduek erasoaldia egin zuten herenegun Kandaharren. AEB Ameriketako Estatu Batuek zuzentzen dituzten okupazio indarrek airez sostengatu zuten erasoaldia. Orotara ustezko berrogeita bat matxino eta sei polizia hil zituzten. Asadula Khalid gobernadoreak jakinarazi zuenez, eskualdean erasoak prestatzeko bilera egiten ari ziren ustezko talibanak Sangisarren. Inteligentzia zerbitzuek bezperan jakinarazi zieten informazio hori eta horregatik abiatu zuten erasoaldia. Erasoa ez dela oraindik amaitu zehaztu zuen.
Jusuf Ahmadi talibanen bozeramaileak, alta, bestelako informazioa eman zuen. Erasoaldian soilik bi gerrillari hil zituztela eta gainerakoak zibilak direla salatu zuen. Gobernadoreak, alta, zibilek erasoaldia abiatu aurretik hiritik ihes egin zutela adierazi zuen: «Koalizio indarrak ingurua airez bonbardatzen hasi zirenean zibilak jada ihes eginda zeuden». Erasoaldia abiatzean borrokak piztu ziren ustezko gerrillari taliban eta soldadu eta polizien artean. Lekukoen arabera, 200 eta 250 taliban artean izan ziren borroketan parte hartu zutenak. Azken hilabeteotako borroka gogorrenetakoa izan zen. Poliziak ustezko hamahiru gerrillari taliban atxilotu zituen eta borroketan sei polizia hil eta beste bederatzi zauritu ziren.
'Lehoi Mendia' erasoaldia
Konar ekialdeko eskualdean, bestetik, ustezko talibanen kontrako erasoaldia abiatu zuen iragan asteazkenean Washingtonek. Lehoi Mendia da erasoaldiari jarri dioten izena eta orotara 2.500 soldadu ari dira parte hartzen bertan. Pech bailaran abiatu zuten erasoaldia, lurrez eta airez, iragan asteazken goizaldean. Mementoz ustezko zortzi taliban hil dituzte erasoaldian sei asteazkenean bertan eta beste bi ostiralean. Mike Cody tenienteak erasoaldi militarra ez dela amaitu ohartarazi zuen atzo. John Nicholson koronelaren arabera, berriz, helburua bete arte erasoaldiarekin aurrera egingo dute: «Aurkariaren santutegiak suntsitzen ari gara. Terroristek ezarritako beldurretik aske geldituko da jende zintzo asko gure misioari esker». Ustezko talibanen babeslekuak aurkitzea da xedea hauek suntsitu eta horrela erasoak egin ez ditzaten. Afganistango Defentsa Ministerioaren arabera, azken lau urteotako erasoaldi gogorrena da.
Oruzgan eskualdean, bestetik, ustezko gerrillari talde bat indargabetu zuten ostegunean. Ekintzaile suizidak trebatzen zituen taldea zela adierazi zuten okupazio indarrek. Khosten, berriz, hiru polizia hil eta beste bi zauritu ziren euren autoan bonba bat leherrarazi zutenean.
Talibanen erasoaldia
Datozen hilabeteotan okupazioaren kontrako erasoaldi gogorra abiatuko dutela jakinarazi berri dute talibanek. Mohammad Hanif bozeramaileak udaberria garai aproposa dela adierazi zuen: «Eguraldia epelagoa da eta erasoaldia jada martxan da». NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko tropak hegoaldean kokatzen ari dira. Erresuma Batuko Armadak hiru mila soldadu bidali berri ditu Helmandera. Herbehereek, Errumaniak, Danimarkak eta Australiak ere soldaduak bidaliko dituzte.
Azkenaldian taliban eta okupazio indarren erasoak eta borrokak areagotu dira Afganistanen. Iragan martxoaren amaieran okupazio indarrek ustezko hogeita hamabi gerrillari taliban hil zituzten borroka batean. Aurten izandako borroka gogorrena izan zen. AEBetako soldadu bat eta Kanadako beste bat ere hil ziren.
Kandahar eta Helmand hegoaldean dauden eskualdeetan izaten ari dira borroka gogorrenak. Pakistanekin mugatzen dira eta, menditsuak direnez, talibanek ezkutalekuak dituzte bertan. Gobernuaren arabera, maiz mugaren bestaldean babesten dira gerrillariak.
Okupazio indarrek ustezko 41 taliban hil dituzte, aire eraso batean, Kandaharren
Talibanen arabera, soilik bi gerrillari hil dira erasoan eta gainerakoak zibilak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu