Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak 31 urte bete zituen atzo, baina oraindik ez du kontrolatzen Mendebaldeko Sahararen lurralde osoa. Marokok 1975ean ia herrialde osoa okupatu zuenetik 1991ko su-eten akordioak sinatu arte, armekin borrokatu ziren sahararrak, Fronte Polisarioaren bidez, okupazioaren kontra. Heldu den apirilean, NBEk Mendebaldeko Saharan 1991tik hedatua duen Minurso misioaren oraingo indarraldia bukatuko da, eta litekeena da beste sei hilabete luzatzea misioa, orain arte bezala. Baina bitartean Marokoko Gobernuak bere jarrera ondo egokitu nahi du. Izan ere, apirilean bertan Espainiaren kolonia ohiaren etorkizuna eztabaidatuko du NBEko Segurtasun Kontseiluak. Hala, Mendebaldeko Saharan 1975etik okupatua duen zatian autonomia plan bat ezartzeko asmotan dabil Rabat. Egundaino inoiz eginiko kanpaina diplomatiko handiena hasi du oraindik behin-behinekoa den egitasmoa nazioartean aurkezteko, sostenguak biltzeko helburuarekin.
Lurralde askatuetan, Tifariti hirian, Herri Sahararrarekiko Nazioarteko Elkartasun Konferentzia hasi zuten herenegun. Afrika, Europa, Asia eta Amerikako ehunka ordezkari ari dira bilkuran parte hartzen. Etorkizuneko erronkez gain, Maroko ontzen ari den autonomia planari nola aurre egin izango dute hizpide.
SEADeko presidente eta Fronte Polisarioko buru Mohamed Abdelazizek atzo esan zuen ezin dutela inola ere onartu «barne autonomia» izenez okupazioa eta kolonizazioa zilegitzen dituen egitasmoa. «Marokoren proposamena maniobra luzagarria da, nazioarteko zuzenbidea nahita urratzen duena eta eskualdearen ezegonkortasunaren hazia daramana».
Rabatek xehetasunak jendaurrean jakinarazi ez arren, autonomia du oinarri apirilean NBEko Segurtasun Kontseiluari aurkeztuko dion egitasmoak. Hala, nazioarteak gatazka bukatutzat jotzea espero du.
Marokoko Barne ministro Chakib Benmussak joan den aste bukaeran azaldu zuenez, 2003an Rabateko gobernuak atondu zuen planaren aldean «oso ezberdina» da oraingoa. «Hau nazioarteak eskatuta prestatu dugu, NBE dagoen kale itsutik ateratzeko. Sahararrekin eta Marokoko alderdiekin kontsultak egin ditugu. Bisitatu ditugun atzerriko hiriburuetan ideiak bildu ditugu». Alabaina, Bartzelonako (Herrialde Katalanak) La Vanguardia egunkariak zioen ez dela herritarrekin eztabaidarik egon, ez sahararrekin eta ez marokoarrekin: «Gizarte zibilak, Hassan II.aren erregealdian bezala, estatu auzi garrantzitsu honetatik kanpo segitzen du».
BUKATU GABEKO PLANA. Benmussak esan zuen proiektua ez dagoela itxita eta beste alde batzuekin negoziatzeko atea zabalik utzi nahi duela. Fronte Polisarioaz eta haren aliatu Aljeriaz ari zen.
Edozein modutan, Marokok ez dio inolaz ere independentziarako zirrikiturik utzi nahi Mendebaldeko Saharari, urteotan erakutsi duen bezala. Gainera, sahararrek eskatu izan duten autodeterminazio erreferendumean Martxa Berdearekin (1975eko azaroa) eramandako milaka kolonoak ere erroldan sartzeko exijitu izan du Rabatek.
«Autodeterminazioa ez da inoiz independentziaren sinonimoa izan. Aldeen artean autonomiaren gaineko akordioa lortzen bada-NBEko Segurtasun Kontseiluak sustatuta eta erreferendumean onartuta-, autodeterminazio modu bat izango da», nabarmendu zuen Marokoko Barne ministroak.
Haren esanetan, Rabat apailatzen ari den plana «autonomia arloko nazioarteko arauetara egokitzen» da. «Eskumenak eskuz aldatu eta tokiko erakundeak eratzen ditu -erakunde legegile eta eragileetatik hasita-, baina [Marokoren] subiranotasun nazionala errespetatzen du».
Asmoa autonomia urritik aurrera ezartzen hastea da.
Horretarako sostenguak biltze aldera, Marokoko Gobernuaren ordezkariak, Benmussa tartean, nazioartean bira egiten ari dira otsail hasieratik. Madril, Paris, Washington eta Londresen izan dira, eta Mosku eta Pekinen izango dira aste honetan. Frantziako presidente Jacques Chiracek babesa eta gorespen hitzak adierazi dizkio Rabateko ordezkaritzari, baina Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguezek zuhur jokatu, eta oraingoz ez du argi agertu bere jarrera. Dena den, ikusteko dago zer-nolako jarrera hartuko duen martxoaren 5ean eta 6an Marokon estatu honetako ordezkariekin egingo duen goi bileran.
Marokok beste estatu batzuetako dezentralizazio, eskualdetze eta federalismo ereduak aztertu ditu bere plana egiteko. Hori indarrean jarri ahal izateko, ordea, bere konstituzioan hainbat aldaketa egin beharko lituzke. Kontrolpean duen Mendebaldeko Sahararen zatian autonomia ezartzeaz gain, estatuan eskualde berregituraketa egingo luke.
Tel Quel astekariaren arabera, Marokoko Gobernuak dagoeneko Sahararako Giza Eskubideen Kontsulta Kontseilua eta Arartekoa sortu ditu.
SAHARARRAK ETA BEREN ALIATUAK. Oso litekeena da Aljeriak Rabaten plana errefusatzea. Fronte Polisarioak eta SEADek dagoeneko errefusa agertu dute. «Estatu sahararra atzerakorik ez duen errealitatea da. Herri bat, gobernu bat eta lurralde libre bat existitzen dira», dio Polisarioak, kontrolpean dituen eremuez mintzo. Tifariti da horietako bat. «SEADen urtemuga sahararren erabakitasun mezua da, gure subiranotasuna lurralde osora hedatu arte askapen nazionaleko borroka segitzearen aldekoa», esan zuen herenegun SEADeko lehen ministro Abdelkader Taleb Omarrek.
Aljerren gogorarazi zuenez, 80 bat estatuk onartzen dute SEAD, eta NBEk «deskolonizatzeko lurralde» gisa sailkatuta dauka Mendebaldeko Sahara.
Polisarioak independentzia helburutzat izan arren, NBEren ordezkari berezi ohi eta AEBetako Estatu idazkari izandako James Bakerren bake planaren bigarren zatia (2003) ez du begi txarrez ikusten. Bakerrek proposatu zuen Mendebaldeko Sahara lauzpabost urtez Marokoren administrazioan segitzea, eta epe hori bukatutakoan NBEren gidaritzapean autodeterminazio erreferenduma egitea. Plan hori gauzatu gabe dago.
Iragan larunbatean, hainbat legebiltzarkide britainiarrek adierazi zuten, Ali Salem Tamek preso politiko saharar ohiarekin Londresen elkarrizketatu ondoren, herri sahararraren autodeterminazio eskubidea sostengatzen dutela. Besteak beste Mark Williams liberal demokrata eta Katy Clark, Des Turner et John Grogan laboristek adierazi zuten babesa, baita giza eskubideen urraketei buruzko kezka ere.
«Marokoren proposamena maniobra luzagarria da, nazioarteko zuzenbidea nahita urratzen duena»
mohamed abdelaziz
sead-eko presidentea
«Plana nazioarteko arauetara egokitzen da. Marokoren subiranotasuna errespetatzen du»
chakib benmussa
marokoko barne ministroa
Okupazioa kudeatzen segitzeko
Mendebaldeko Saharan autonomia plana ezarri nahi du Marokok, NBEk heldu den apirilean auzia eztabaidatu aurretik bere jarrera sendotzeko. Independentistek plana errefusatu egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu