Israelek 1948an okupatutako lurretan, Israelen, Gazan, Zisjordanian eta diasporan, Lurraren Egunaren 35. urteurrena ospatu zuten atzo, kaleetan protesta jendetsuak eginez. Lurraren Eguna 1976an lehertu zen Intifada Nazionalaren harira egiten dute urtero. Greba orokorra eta manifestazioak egin zituzten urte hartan, okupazioaren protesta gisara, Israelek kokaguneak eraikitzeko Galilean hainbat lur hartu ostean. Urte hartako martxoaren 30ean borrokak izan ziren, eta sei palestinar hil ziren, 49 zauritu ziren eta 300 lagun atxilotu zituzten.
Atzoko protesta jendetsuetan milaka palestinarrek parte hartu zuten, batez ere 1848an Israelgo Estatuan geratu zirenak atera ziren kalera, Galilean. Hildako horiek gogoratzeko elkartu ziren Arraben, Nazaret iparraldean, eta Israelgo Legebiltzarrak berriki onartutako «lege arrazistak» salatu zituzten, herritartasuna kentzeko eskubidea onartzen dutena tartean. Ibilbidean, 48ko palestinarrak esaten zaienen hildakoen hilobietara joan ziren. Zisjordanian eta Gazan ere milaka lagun elkartu ziren.
Galileako eskolak itxi egin zituzten, eta Gaza, Zisjordania eta Jerusalemgo eskoletan ikasleei egunaren jatorria erakusten aritu ziren.
Hildako bat Gazan
Bien bitartean, egunero iristen dira Israelen erasoen ondorioz hiltzen diren palestinarren albisteak. Atzoko eguna ere ez zen salbuespena izan. Israelgo armadak ekintzaile palestinar bat hil zuen Gazan; segurtasun indarrek esandakoaren arabera, Al Kuds brigadetakoa. Mohamed Amu Muamer 24 urteko gaztea piloturik gabeko hegazkin batek hil zuen, Rafan, motorrean zihoala, eta beste lagun bat larri zaurituta dago. Israelek esan duenez, bezperan koheteak jaurtitzen aritu ziren. Israelgo herritarren kontrako eraso guztiak erantzungo dituztela esan du armadak.
Herenegun, berriz, 50 palestinar baino gehiago atxilotu zituen Israelgo armadak, Auarten, bost kolono hil zituzten lekuan, haien hilketarekin zerikusia dutelakoan. Batzuk atzo askatu zituzten, atxilotu eta galdekatu ondoren.
Okupazioa salatzera atera dira milaka lagun Palestinako Lurraren Egunean
Israelek 1976an palestinarrei kendutako lurren harira egiten dute protesta urtero; aurten 35. urtemuga da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu