Duela 30 urte hasitako gatazkarikonponbidea eman eta Zipre batu nahian, bere bake planari buruzko erreferendumera deitu du gaurko NBEko idazkari nagusi Kofi Annanek. 2002ko azaroan federazio bat osatzeko plana aurkeztu zuenetik, aurrera egin ezinik dabil NBE, eta orain ere itxaropen gutxi du. Izan ere, Zipreko alde greziar zein turkiarreko buruzagiek ezezkoa bozkatzeko eskatu diete herritarrei. Planak bi estaturen arteko federazioa sortzea aurreikusten du. Greziak eta Turkiak soldaduak mantendu ahalko dituzte, eta errefuxiatu greziarren itzulera mugatuko du. «Annanen planari ezezko biribila emateko eskatzen dizuet, gure eskubideak eta gure historia zein balio moralak defendatzeko», adierazi zuen Tassos Papadopoulos presidente greko-zipretarrak apirilaren 7an: «Plan honek ez ditu gure eskaera oinarrizkoenak ere kontuan hartzen». Bezperan, Rauf Denktash buruzagi turko-zipretarrak ereezezkoa eskatu zuen. Aste bat lehenago, Suitzan, porrot egin zuten bi aldeen arteko elkarrizketek. Annanek bi egun eman zizkien bere hasierako planaren moldaketa onartzeko, baina saio horretan ere ez zuen ezer lortu. Papadopoulosek dio Turkiak iparraldea okupatu zuenean ihes egin behar izan zuten greziarren itzulera eskubidea eta beren jabetzak berreskuratzeko eskubidea asko murrizten duela planak, NBEko Segurtasun Kontseiluak orain arte onartutako ebazpenekin alderatuz (200.000 inguru dira iheslariak), eta bitartean 60.000 kolono turkiarri bertan geratzen utziko zaiela. Denktashen ustez, berriz, planak Zipreko Errepublika Turkiarra desagerrarazi eta gehiengo greziarrak gutxiengo turkiarra menperatuko du. Milaka herritar turko-zipretarrek, hala ere, planaren aldeko ekintzak egin dituzte Nikosian. Mehmet Ali Talat lehen ministroak ere baiezkoaren aldeko kanpaina egin du. Estreinako aldia zen, gatazka hasi zenetik, lehen ministro turkiar batek hegoaldea bisitatzen zuena.Greziarren artean ere jarrerak zatituta daude. Akel alderdi komunistak ÃLegebiltzarrean gehiengoa duà goiztiarregitzat jo du Papadopoulosen erabakia.
Negoziazio amaiezinak
Alde bakarrean ezezkoa nagusitzea nahikoa izango da maiatzaren 1eanZipreko Errepublika soilik (hegoaldea, greziarra) sartzeko EBn. Ondorioz, Turkiak soilik onartzen duen Zipre Iparraldeko Errepublika Turkiarra bakartuago geratzeko arriskua dago. Gaur egun, iparraldea txiroagoa da hegoaldea baino, eta arazo ugari ditu, nazioarteko bahimenduaren eraginez. Ankarak esan du EBn hegoaldea bakarrik sartuz gero berak hartuko duela kontrolpean iparraldea.
Inkesten arabera, turko-zipretarrek baiezkoa emango dute gaur alde txikiagatik, eta hegoaldean ezezkoa nagusituko da. EBk ez du baztertzen abenduan beste erreferendum batera deitzea. EB garai horretan da erabakitzekoa Turkiak Batasunean sartzeko baldintzak betetzen dituen edo ez, eta Zipreko gatazka erabakigarria izan daiteke horretan. 1974an zatitu zen uhartea, Greziak babestutako estatu-kolpe saio baten ondoren, Turkiak iparraldea okupatzean. Ordutik, uhartearen heren bat turkio-zipretarren esku dago eta beste bi herenak greko-zipretarren esku. Okupazioak milaka greko-zipretarren exodoa eragin zuen. Uhartea batzeko akordioa ezinezkoa izan da geroztik.
-
Kronologia
1914: Otomanoen eskutik Erresuma Batuaren menpe egotera pasatu zen.
1955: Greko-zipretarrek Erresuma Batuaren aurkako borrokari ekin zioten. Zipreko Borrokalarien Erakunde Nazionalak uhartea Greziari lotzea zuen helburu: enosia.
1956: Makarios artzapezpikua, enosiaren bultzatzailea, deportatu zuten.
1959: Makarios itzuli eta presidente aukeratu zuten.
1960: Komunitate greziar eta turkiarra Konstituzioaren inguruan bat etorri eta Ziprek independentzia lortu zuen.
1963: Konstituzioan hainbat aldaketa proposatu zituen Makariosek, botere banaketaren inguruan . Borrokak hasi ziren.
1964: NBEk bake indarra ezarri zuen.
1974: Greziako Junta Militarrak Makariosen aurkako estatu kolpea babestu zuen. Turkiako tropek iparraldea okupatu zuten.
1975: Turko-zipretarrek administrazio independentea sortu zuten. Rauf Denktash izendatu zuten presidente.
1977: Makarios hil zen.
1980: Bake elkarrizketei berriz heldu zieten bi aldeek.
1983: Denktashek Zipre Iparraldeko Errepublika Turkiarra aldarrikatu zuen.
1994: EBk bahimendua ezarri zion Zipre iparraldeari.
1998: Clerides, presidente. Bruselak uhartea EBn sartzeko hautagai izendatu zuen.
2002: Cleridesek eta Denktashek negoziazioak hasi zituzten, NBEren bitartekaritzarekin.
2004ko martxoa: Annanek bake plan moldatua aurkeztu zuen. Ezezkoa jasota, erreferendumera deitu zuen.
-
Kofi Annanen proposamena
Zipre estatu federala: Zipreko Errepublikak eta nazioartean soilik Ankarak onartu duen Zipreko Errepublika Turkiarrak (1983) Suitzakoa bezalako bi estaturen federazioa osatuko lukete, eta gobernu zentral bat eratuko litzateke. Presidentetza txandakakoa litzateke.
Lurraldea: Turko-zipretarrek egun duten eremua %5 murriztuko litzateke.
Itzulera eskubidea: 1974an, 180.000 greko-zipretarrek ihes egin behar izan zuten, inbasioaren ondorioz. NBEren planak iheslari horietako 100.000ren itzultzea aurreikusten du.
Turkiako militarrak: Ankarako Gobernuak uhartean dituen 40.000 soldaduko indarra murriztuko litzateke, baina ez desagertuko.