Larunbata zen eta sargori zegoen arratsalde hartan Omaghen. Market Streeten, hiriaren erdiguneko kalean, 15:10ean, bonba-auto bat leherrarazi zuten . Orotara 29 lagun hil -tartean bikiak espero zituen emakume bat- eta beste 220 zauritu ziren. Irlandako gatazkako atentaturik odoltsuen gisa pasatu da historiara eta, gaur, hamar urte geroago, egun triste hura izango dute gogoan, modu tristean, Omaghen.
Tir Eoghan konderriko hirian, atentatuaren lekuan bertan eta lorategi batean, oroitarri bana paratuko dituzte gaur atentatuko biktimen oroimenez. 1998. urteko abuztuaren 15 hartako tristura ez da, baina, erabat leundu; zenbait biktimaren senideek ekitaldietan parte hartzeari uko egin baitiote. Sinn Feinen eskuetan dago udala eta alderdi errepublikanoa oroitarrietako testuetan terrorista hitza erabiltzearen kontra agertu zen. Disidente errepublikano terroristek jarritako bonba-autoak eragindako hiru nazioetako hildakoak eta zaurituak omendu eta gogoratzen ditugu. Horixe zioen testuak. Errepublikanoek idazkia onartu ez izanak biktimen haserrea eragin zuen, eta azkenean batzorde independente batek hitza oroitarrietako batean soilik ipintzearen alde egin du. Oroimenaren Lorategian mantenduko da jatorrizko testua, baina ez atentatuaren lekuan bertan altxatuko duten obeliskoan.
Kevin Skeltonek emaztea galdu zuen atentatuan eta gaurko ekitaldietan parte hartuko ez duten biktimen senideen izenean mintzatu da. Urtemugako ekitaldia «penagarria» izango dela uste du: «Ezerosoa da guretzako bai testuaren auziagatik eta bai ekitaldietara joango diren politikariengatik». Ekitaldia antolatzeko garaian euren iritzia aintzat ez hartzea leporatu diete udal agintariei gaurko omenaldira joango ez diren hamar biktimaren senideek.
Auzi judiziala
Martin McLoughlin Sinn Feineko zinegotziak biktima guztien senideek ekitaldietara ez joatea deitoratu bazuen ere, zuzen jokatu dutela pentsatzen du: «Udalak bere eskuetan zegoen guztia egin du urtemuga behar bezala gogoratzeko. Auzi samurra dela onartzen dut, baina ezin ditugu gauzak egin sendi batzuk nola erantzun behar duten pentsatuz».
Ostiral Santuko bake akordioak sinatu eta lau hilabetera izan zen atentatua -urte hartako apirilaren 10ean sinatu zuten akordioa-. Benetako IRAri (RIRA) leporatu zioten erasoa, baina hura izan eta hamar urtera oraindik ez dute inor erruduntzat jo. IRA Irlandako Armada Errepublikanoko zatiketa baten ondorioz sortu zen RIRA, taldeak urtebete lehenago aldarrikatu zuen su-etenaren kontra agertu ostean. Ostiral Santuko akordioaren eta geroko bake prozesuen kontra agertu izan da beti erakundea. Omagheko atentatua, ildo horretan, «tragedia» izan zen talde armatuarentzat; ez soilik zibilak hil zituelako -bai protestanteak eta baita errepublikanoak ere-, baizik eta «kausa errepublikanoa saltzea» helburu zuen bake akordioari kalte egin beharrean, mesede egin ziolako.
John Connolly Benerako IRAko kidearen hitzetan atentatuak segurtasun indarren «tranpa zikinaren» zantzuak ditu eta, horregatik, ikerketa independentea beharrezkoa dela uste du.
Sean Hoey izan da urte hauetan guztietan akusatu bakarra, baina, hamar hilabeteko epaiketaren ostean, errugabetzat jo zuten iragan abenduan. Hoeyk 56 akusazio zituen kontra baina, epailearen arabera, akusazio guzti horietan hutsune handiak zeuden. Kasua ikertu zuten poliziei, berriz, epaimahaia «engainatzen» saiatzea leporatu eta euren jokabidea salatu zuen. DNA proba kutsatuek, froga batzuen desagertzeak eta fiskalaren lana indartzeko polizia lekukoen frogak puzteak, baita gezurrezko deklarazioak egiteak; ikerketa guztia «lardaskeria hutsa» izatea bultzatu zutela ondorioztatu zuten epaileek.
RUC Ipar Irlandako Poliziak -PSNI izena du egun- atentatua izan eta bi aste lehenago jakin zuen erasoa prestatzen ari zirela eta abuztuaren 15ean izango zela. Benetako IRAn infiltratutako agenteek atentatua saihestu zedin akats larriak egin izanaren susmoa dago. Irlanda iparraldeko segurtasun indarrei paramilitar loialistekin elkarlanean aritzea leporatu diete ere urte askoan.Ipar Irlandako Poliziak atentatuan izan zuen rola ikertzen hasiko da orain auzitegi berezi bat.
Ikerketa judizialak, bien bitartean, 21,3 milioi euroko kostua izan du.
Ezerosoa da guretzako bai testuaren auziagatik eta baita joango diren politikariengatik»
kevin skelton
Biktimetako baten senidea
«Auzi samurra da, baina ezin ditugu gauzak egin batzuk nola erantzun behar duten pentsatuz»
Martin MCloyghlin
Omagheko Sinn Feineko zinegotzia
Omagheko urtemuga tristea
Irlandako gatazkako atentaturik odoltsuena gogoan izango dute gaur Omaghen; Benetako IRAri leporatutako erasoan 29 lagun hil eta 220 inguru zauritu ziren; oraindik ez dute inor erantzule egin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu