Europako Batasuneko herrialde gehienak pandemia dela-eta jarritako mugak arintzen hasiak diren honetan, erne egoteko eskatu du OME Osasunaren Mundu Erakundeak. Mike Ryan Larrialdietarako arduradunak egin du oharra, eta nabarmendu du «bigarren olatua» etor daitekeela COVID-19aren aurkako neurriak arinegi kenduz gero. «Ez dugu ahaztu behar gaitza edozein unetan zabal daitekeela berriz. Ezin dugu ontzat eman kasuak gutxitzen ari direlako gutxitzen jarraituko dutela, eta ez dela bigarren olaturik izango hemendik hilabete batzuk arte. Bigarren olde hori bihar bertan hel daiteke».
Ryanek Europako eta Ipar Amerikako estatuei eskatu die jarrai dezatela neurriak hartzen osasuna bermatzeko, eta probak egiten kasu berriak identifikatzeko. «Birusa kontrolatzen jarraitu behar dugu, inon piztualdirik bada lehenbailehen kontrolpean jarri eta gehiago zabal ez dadin. Horretarako beharrezkoa da gaixo daudenei jarraipena egitea ere».
Bien bitartean mugak zabaltzen hasiak dira EBko herrialde asko. Greziak eta Espainiak, esaterako, uztail hasieran zabalduko dituzte mugak atzerritik doazenentzako. Estoniak, Lituaniak eta Letoniak ere mugak zabaldu dituzte, hiru estatuen arteko mugikortasuna baimenduz. Albaniak, berriz datorren astean, ekainaren 1ean, baimenduko ditu atzerriko bisitariak.