Elkarrizketa

Ondotik. Hatuey erre zuen suaren hautsa

Miel Anjel Elustondo
2013ko irailaren 1a
10:50
Entzun

Kontatzen da, konkista baino lehen, Kubako aborigenak ez zuela beste zenbait kulturaren mailarik. Herri maiak, aztekak, inkak, berealdiko tenplu eta hiriak jaso zituzten. Kubako uhartean, batzuk besteak baino "aurreratuagoak" ohi ziren, eta haietan taínoak ageri dira nabarmen, hainbat komunitate –bateiak– eraiki baitzituzten, eta etxeak: bohioak, kaneiak. Nekazari eta arrantzale izan ziren, eta buztingintzara emanak. Zerutik jakina da beren erlijio sinesteak ere bazituztela.

Kontatzen da izan zela Hatuey, La Española-tik Kubara ihes egin zuen aborigen zangarra. Ekialdeko partera heldu, Holguinera, eta taldea eratu zuen konkistatzaileei kontra egiteko asmotan. Zenbait hilabetez borrokatu ere egin ziren, baina ez zuten aski armarik, aski antolamendurik konkistatzaileak azpiratzeko, eta espainolek laster harrapatu zituzten. Hatuey, taldearen buru eta kazike izaki, bizirik erre zuten.

Kontatzen da, Bartolome de las Casasek kontatzen du, arbola bati lotu zutela Hatuey, bertan erretzeko, eta su-lamada Hatueyren gorputza kiskaltzen hasi baino lehen, fraide batek kristautasunera bihur zedin saiatu zitzaiola. Aborigenak, "Kristau, zertarako?", galdeturik, fraideak ohiko "Zerura joateko" erantzun omen zion. Hatueyk, orduan, azti, fraideari, ea konkistatzaile espainolak ere hildakoan zerura joaten ziren galdetu zion, eta fraideak, bistan denez, baietz erantzun. Eta Hatueyren hitzak, azkenak: "Ez dut zerura joan nahi, ez dut han ere horiekin topo egin nahi".
Kontatzen da su hartan errerik hil zela Hatuey, eta su haren errautsetan bizi dela uharte ederra, Habanatik Cienfuegosera Santiago eta Ekialderainoko lurralde zoragarri osoa Holguineraino. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.