Maxime Guimberteau. Frantziako Ontzi Bat Gazara ekimeneko eleduna

«Ontzi zibil bat bahitzea eta desbideratzea indarkeria da»

2011ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Gazaren blokeoa apurtzeko ahaleginetan ari diren ekintzaileek ezustekorik gabe hartu dute Dignite Al Karama ontziaren bahiketaren berri. Maxime Guimberteau Frantziako Ontzi Bat Gazara ekimeneko bozeramailea izan da ekintzaileekin hitz egiten azkenetakoa. BERRIAren galderei erantzun die ondoren Paristik.

Israelgo armadak ontzia nola atzeman duen ba al dakizue?

Israelek zabaldutako bertsioa baino ez daukagu uneotan. Israelek dio indarraren erabilerarik ez dela izan, baina gu geu ez gara horretaz seguru. Haiek dute informazioaren monopolioa, ontzian ziren lagunekiko komunikazioak eten baitituzte. Gauzak horrela, gure aldetik ezin dugu ziurtatu indarkeriarik ez dela izan. Haatik, Dignite Al Karama ontzian zeuden lagunen kontra jokabide bortitza izan ez badute ere, armaz jositako lau ontzi militarrek armarik gabe zeuden zibilak bahitzea eta desbideratzea indarkeriaz jokatzea da, argi eta garbi.

Ontzia atzeman ostean, zer gertatu den jakin ahal izan duzue?

Lortu ditugun informazio eskasen arabera, Dignite Al Karama ontzian zihoazen lagunak Israelgo armadako barku batera eraman dituzte, eta ontzia bera atoan eraman dute Ashdodeko portura.

Han, beraz, zer gertatuko da ekintzaileekin?

Aurreko kasuetan gertatu dena. Israelek legez kanpoko etorkin modura tratatuko ditu, eta itaunketak egin ondoren kanporatuko.

Zer duzu esateko horrelako gertakari baten aurrean?

Esan dezakeguna da, beste behin ere, pirateria ekintza baten aurrean gaudela. Israeli, beste aldi batez gehiago, zilegi iruditu zaio nazioarteko uretan aurkitzen zen ontzi zibil bat harrapatzea eta bahitzea. Gazaren blokeoa hausteko asmotan abiatu zen ontzidiko txikiena da ontzia, hemeretzi metro luzekoa. Zelako arriskua suposatzen zuen horrek segurtasunerako? Neurrigabeko indarkeria horrek agerian jarri du blokeoak indarrean jarraitzen duela eta herritar bakezaleei debekatuta zaigula Gazan sartzea.

Gertatutakoa gertaturik, horrelako ekintzekin jarraitzeko asmotan al zaudete?

Noski baietz. Gazaren blokeoaren kontrako ekintzak eta palestinarren aldeko elkartasun agerraldiak ez dira horretan geldituko. Aurrera joko dugu legez kanpoko blokeo kriminal hori indarrean dagoen bitartean, eta egoera hori salatzeko ekintzak antolatuko ditugu berriz ere. Grezian geldiarazita dauden ontziak noizbait handik aterako dira, eta berriz ere baliatuko ditugu beste ekintzak antolatzeko. Gobernuek egiten ez dutena egin behar dugu herritarrok; eta gu horretan ari gara, zerbait lortu nahi badugu mugitu egin beharra dugu, eta erantzun ona jaso dugu; astero 20.000 euro jaso ditugu.

Greziako portuetan mugitzeko baimenik gabe dauden ontzien berririk ba al duzue?

Ontzi horien eta ekintzaileen egoerak bere horretan jarraitzen du, besterik gabe. Greziako agintarien manuz, portuetatik alde egitea debekatuta zaie. Hala, Frantziako Louise Michel ontzia Pireoko portuan dago oraindik. Egoera berean dira Greziako ontzi bat eta nazioarteko merkantzia ontziak. Ontzietan zihoazen lagunak, haatik, mugitzen ahal dira, ez diete horretarako trabarik jartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.