Norvegiako erasoak

Oparotasunaren orbanak

Utoyako eta Osloko sarraskien ustezko erantzulea eskuin muturrarekin lotu du Poliziak. Norvegiako bizi-maila herrialde anitzentzat eredugarria den arren, azken urteetan anitz hazi den indarra da eskuin muturra.

mikel rodriguez
2011ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Paradisua infernu bilakatuta. Hitz horiexekin deskribatu zuen Jens Stoltenberg Norvegiako lehen ministroak Utoya irla, atzo egin zuen bisitan. Poliziaz jantzitako erasotzaile batek gutxienez 85 lagun hil zituen han herenegun, Alderdi Laboristako gazteriaren kanpaleku baten aurka tiroka hasita. «Nire gaztaroko paradisu baten aurkako erasoa izan zen, orain infernu bilakatuta». Stoltenbergen hitz horiek, ordea, Utoyarentzat ez ezik, Norvegia osoarentzat balio dute, ongizate estatu eta bizi-maila eredugarria izan dituen herrialde horrek Bigarren Mundu Gerraz geroztik Europa mendebaldean izan diren erasorik larrienetan bigarrena jasan baitu. Bizimodu oparo horri halako orbana zerk eragin dion galdezka hasi dira norvegiarrak, eta erantzun bat agertu da: eskuin muturra.

Anders Behring Breivik 32 urteko gizonezkoa da Poliziak atxilotutakoa, Utoyan gazteak tirokatu eta Oslon bonba-autoa jarri zuelakoan. Poliziak eskuin muturrarekin lotu du Behring Breivik, baina oraingoz ezin izan du zehaztu talderen bateko kidea den. «Ez geneukan gure radarrean. Egonen litzateke, Norvegiako talde neonazietan parte hartze aktiboa izan balu». Poliziak «islamofobo» moduan deskribatu du ustezko erasotzailea, eta erran du galdeketetan hark «nazionalista» dela aldarrikatu duela. Ustezko erasotzaileak ideia kristau integristak dituela ere argitaratu dute Norvegiako hedabideek.

Erreferentziazko alderdiak

Tradizionalki lasaia izan da herrialdea, baina izuan murgilarazi dute Utoyako eta Osloko sarraskiek; Stoltenbergek, ordea, lasaitasunerako deia egin du, eskuin muturreko taldeen mehatxua mugatua dela adieraziz. «Bertze herrialdeekin alderatuta, eskuin muturreko taldeekin ez dugu arazo handi bat. Taldeak badaude, eta haiei jarraika gaude». Norvegiako Poliziaren arabera, talde horien jarduna hazi egin da azken urtean, eta hazten jarraituko duela iragarri dute. Aftenposten egunkariaren arabera, ekonomiaren atzeraldiak eta langabeziak ekarri dute eskuin muturraren igoera. Norvegiaren langabezia tasa, ordea, hagitz txikia da euroguneko herrialde anitzekin alderatuta, adibidez. Azken apirilean %3,4koa zen soilik.

Norvegiako eskuin muturraren hazkundearen faktore garrantzitsua islamaren aurkako jarrera izan da, eta diskurtso hori etorkin musulmanen aurka finkatu dute. Stoltenbergek talde horien eragina mugatua dela erran arren, herrialdeko bigarren indarrak, FRP Aurrerapenaren Alderdiak, mezu hori darabil. 1973an sortu zen FRP, eta 2005etik bigarren indar gisa egonkortu da. Gaur egun, 41 jarleku ditu Parlamentuan, bozen %22,9rekin. Norvegiaren «islamizazioa» saihesteko, immigrazio politika gogorrago baten beharra aldarrikatzen du FRPk, eta bereziki Norvegiako babes politikorako arauak murriztu nahi ditu, errefuxiatuen harrera oztopatzeko. FRPren arabera, etorkinek ongizate estatua arriskuan paratzen dute. Duela bi urte sami herriaren parlamentu autonomoan ordezkaritza lortu zuten lehenbiziko aldiz (bozen %7,8), FRPk parlamentu horren aurkako jarrera eduki arren.

Norvegiako eskuin muturraren hazkundea, ordea, ez da kasu isolatua Eskandinavian. Ezta gutxiago ere. Denboran adibide hurbilena Finlandian dago. Islamaren eta etorkinen aurkako ideiak aldarrikatuz, Benetako Finlandiarrak alderdiak bozen %19 eskuratu ditu aurten, hirugarren indarra bilakatuz. Lau urtean %15 hazi da. Danimarkan ere DF Daniar Herriaren Alderdia hirugarren indarra da, baina herrialdeko politikagintzan errotzea lortu du. Gobernuko kide ez den arren, 2001az geroztik Alderdi Kontserbadore eta Liberalaren agintea sostengatu du, eta ordainetan DFk aldarrikatutako hainbat neurri indarrean jarri ditu horrek; nagusiki, etorkinen harrera murrizteko. DFko buru Pia Kjaersgaardek argi errana du ez duela nahi Danimarkarentzat «etnia eta kultura anitzeko» gizartea.

Biolentzia politikoa Suedian

Eskandinaviako herrialderik handienean, Suedian, eskuin muturreko alderdiek ez dute lortu ondoko herrialdeetan duten erreferentzialtasuna. Hala ere, hazten ari den fenomenoa da han ere. SD Suediako Demokratak alderdiak lehenbizikoz Parlamentuan egoteko gutxiengo langa gainditu zuen iaz, bozen %5,7rekin.

Hala ere, herenegun arte eskuin muturrak Eskandinavian egin dituen ekintza entzutetsuenak Suedian gertatutakoak ziren. 1986an, Olof Palme lehen ministro sozialdemokrata tiroz hil zuten Stockholmen. Aurrekaririk gabeko gertaera izan zen bai Suedian, bai inguruko herrietan. Inoiz ez da argitu nork hil zuen, eta era guztietako teoriak egin dira. Gerra Hotzaren aroan bi blokeekiko zuen jarrera kritikoagatik, zerbitzu sekretuen konspirazioak aipatu ziren, baita Hego Amerikako diktaduren eta Hegoafrikako apartheid-eko gobernuaren erantzukizuna. Bertze teoriek Suediako eskuin muturreko taldeei egozten diete hilketa.

2003an, berriz, Ana Lindh Atzerri ministro sozialdemokrata labankadaka hil zuten Stockholmeko saltoki gune batean. Suedian euroaren bultzatzaile nagusienetakoa izan zen Lindh, eta, horren ondorioz, eskuin muturrak jomugan jarri zuen. Poliziak gazte bat atxilotu zuen hiltzailea zelakoan, eta bizi guztirako espetxe zigorra ezarri zion Justiziak. Eskuin muturreko taldeekin lotu zuten hiltzailea, baina hark ukatu egin zuen. Oro har, eskuin muturreko taldeentzat alderdi sozialdemokratek arriskuan jartzen dute Eskandinaviako herrien izaera eta bizimodua, immigrazioari mugarik jartzen ez diotelakoan.

Armen kultura

Bada bertze ezaugarri bat herrialde horietan, Utoyako sarraskiaren modukoak gertatzea errazten duena. Hain zuzen, armen inguruko kultura da. Eskandinaviako bizimodu tradizionalean ehizak garrantzi handia zuen, eta armak izateko ohitura hortik eratorri da. NTB agentziaren arabera, Utoyako ustezko hiltzailea tirorako klub bateko kidea zen, eta legez eskuratutako hainbat arma zituen etxean. Azken urteetan hainbat hilketa masibo gertatu dira eskualdean, armen eskuragarritasuna baliatuta. Nabarmenenak Finlandiako bi eskolatan gertatutakoak dira, 2007 eta 2008an —guztira hemezortzi lagun hil zituzten—. Osloko leherketari dagokionez, berriz, ustezko hiltzaileak ongarri kimikoa erabili zuela diote hedabideek. Gai hori maiz erabili izan da bonba handiak egiteko. Bertzeak bertze, Timothy McVeigh AEBetako militar ohiak erabili zuen Oklahoman, FBIren egoitza lehertzeko. 168 pertsona hil zituen. 2001ean exekutatu zuten McVeigh.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.