Oposizioa armaz hornitzen dutenak kontrolatzeko eskatu du Siriak

NBEren mandatari berezi Brahimik esan du «lehenbailehen eta era egokian» tratatu behar dela Siriako auzia

Erredakzioa
2012ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Kofi Annanen lekukoa hartu eta astebetera egin du Lakhdar Brahimiklehen bilera Siriako presidente Baxar al-Assadekin, NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren Siriarako mandatari berezi gisa. Kargua hartu bezain laster bere eginkizuna «ia ezinezkoa» dela aitortu arren, mandatariak «ahal duen guztia egiteko konpromisoa» azaldu dio presidenteari, batez ere alde guztien arteko elkarrizketa sustatzeko.

Al-Assadek jakinarazi dio batez ere lan politikoa behar dela elkarrizketa nazionala bideratzeko, eta horretarako oztopo nagusia oposizioa entrenatu eta armaz hornitzen duten herrialdeak direla nabarmendu du.Qatarrek, Saudi Arabiak eta Turkiak matxinoei laguntza eten ezean, ez da aurrera egiterik izango, Al-Assadentzat, eta Nazio Batuen Erakundeari haiek estu hartzeko eskatu dio. Hori gaindituta, presidenteak «konpromiso osoa» du elkarrizketarako ahalegin berezia egiteko, «betiere era neutralean eta independentean egitea lortzen bada»,

Annanen sei puntuko planari egokitzapen batzuk eginda eutsiko dio lanari Brahimik. Sirian egon ondoren, gatazkan zerikusia duten herri guztietan egongo da Brahimi, azalpenak eman aurretik Nazio Batuen Erakundean, New Yorken.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.