Errusia. 'Jukos auzia'

Oposizioa, Gorbatxovi deika

Errusiako liberalen lau indar politikok Herriaren Askatasunerako Alderdia eratu dute, 2012ko presidentetzarako bozetan hautagai bakarra aurkezteko. Vladimir Putini bidea eragoztea dute xede.

2010eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Argazkiak itxura txukuna du: lau politikari gazte eskuak elkarri emanak, hedabideetako argazkilari eta kamerek irudia har dezaten. Abenduaren 13an, Moskuko kongresu batean, Errusiako Gobernuaren oposizio liberaleko lau indar politikok bat egin zuten, Herriaren Askatasunerako Alderdia eratuz. Alderdi berri horrek bi helburu nagusi aldarrikatu ditu: 2011n Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztea eta 2012an Presidentetzarako bozetara Vladimir Putin lehen ministroari aurre egingo dion hautagaia aurkeztea. Oro har, Errusiako azken urtoetako agintari politiko indartsuenari eta Errusia Batua haren alderdiari agintean jarraitzeko bideak eragozteko asmoa du. Erronka zaila izango du Putinek, Errusian aurkari gisa jardutea ez baita arriskurik gabeko jarrera eta jarduna.

Indar politiko berriak «bidegabekeria eta ustelkeriarik gabeko Errusia baten alde» egin nahi du. Indar politiko bateratua osatzekoxedeetan bat etorri dira, beraz, Errusiako oposizio liberaleko lau alderdiren buruzagiak: Boris Nemtsov (Elkartasuna mugimendua); Vladimir Rijkov (Errusiako Alderdi Errepublikanoa); Vladimir Milov (Hautaketa Aske Baterako Mugimendua) eta Mikhail Kassianov (Errusiako Herriaren Batasun Demokratikoa). Azken hori, Boris Jeltsin Errusiako presidente ohiaren lehen ministro izandakoa.

Bigarren kongresua 2011ko udan egingo du, eta hitzordu horretako helburu nagusia hautagai bat aukeratzea izango da, Vladimir Putinen aurka egiteko, ustez 2012ko Presidentetza hauteskundeetara aurkeztuko baita. Bigarren kongresua gertatu aurretik, berriz, Herri Askatasunerako Alderdiak asmo zehatz bat dauka: Sobietar Batasuneko azken presidentea izan zen Mikhail Gorbatxoven sostengua lortzea. «Gorbatxov jauna guregana etor dadin lortzeko negoziazioak hasiak daude», zehaztu du Vladimir Ryjkovek.

Aginteari, kritika zorrotzak

Sobietar Batasuna desegin zenetik, Errusiako politikagintzan esku-hartzerik ia ez du izan Gorbatxovek. Azken aldiotan, haatik, Putinen eta Errusiako presidentetzan 2008an ordezkatu zuen Dmitri Medvedeven agintaldiei kritika oso zorrotzak egiten hasi da. Hala, joan den abenduaren 10ean, oposizioko Novaia Gazeta egunkarian argitara eman zuen iritzi artikulu batean idatzi zuenez, «Errusian, prozesu demokratikoa bide bazterrean geratu da, eta ustelkeria aginte publikoaren maila guztietara zabaldu da». Kronika horretan bertan, Gorbatxovek ohar argi eta zehatzak egiten zizkien Medvedevi eta Putini: «Joera antidemokratikoei ez bazaie aurpegiaematen, aurreko urteetako lorpen oro galbidean izango dira; ez prozesu demokratikoa soilik, baita 2000. urteaz geroztik sendotutako egonkortasun politikoa ere».

Haren ustez, Errusiako presidenteak herrialdea beste norabide batean jarri behar du: «Lehiaketa demokratikoa behar da, baita jardule den gizarte zibil bat ere, estatuaren aferetan jendearen benetako kontrola egon dadin». Jarrera hartze irmo hori dela eta, Errusiako oposizio liberalak espero du, beraz, Gorbatxovi egin dion sostengu deiak baiezko erantzuna jasoko duela.

Putinek, berriz, gutxiespen jarrera agertu dio Herri Askatasunerako Alderdiaren eraketa iragarpenari. Abenduaren 16an, urtero egiten duen legez, herritar batzuen galderei telebista publikoan zuzenean erantzun zielarik, Putinen arabera, oposizioak berriro boterera iritsi nahi du «poltsikoak betetzeko eta Errusia osorik saltzeko». Putinen esanetan, 1990eko hamarkadan gustura ibili ziren, «milaka milioi ostu zituzten Boris Berezovki Erresuma Batura atzerriratu zen, baita preso dauden beste batzuek ere; baztertu dituztelako nahi dute boterea berreskuratu; hori egiten uzten badiegu, Errusia osoa saldu egingo dute». Vladimir Milovek, Jeltsinen agintaldian Energia ministro egon zenak, gogor salatu ditu Putinen hitzak, eta «gezurrez» aritzea egotzi dio.

Medvedev eta Putinen agintepean aurkari gisa jardutea oso zaila duten beste alderdi edo egitura politiko gehiagorik ere badago. Horien artean dira xakean munduko txapeldun izandako Boris Kasparoven Herritarren Fronte Bateratua, gizarte zibileko jardule andanak eratutako Bestelako Errusia, Sergei Udaltsoven Ezkerreko Frontea etaGuennadi Ziuganoven KPRF, Errusiako Alderdi Komunista. Duman oposizioko indar handiena da hori, 57 diputaturekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.