Egiptoko oposizioak gaur eguerdian esan du gezurra dela Hosni Mubaraken gobernuarekin elkarrizketak hasi dituela. Gobernuak aurretik azaldu du Omar Suleiman presidenteordea oposizioko alderdiekin hizketan hasia dela. "Informazio hori faltsua da", esan du Ghad alderdiko agintari Ayman Nur-ek.
Gainera, azpimarratu dute Kairon Tahrir enparantzan istiluak eteten ez diren bitartean inolaz ere ez dutela gobernuarekin negoziatuko.
Hain justu, lau pertsona hil dira gaur goizaldean Tahrir enparantzan, Hosni Mubarak presidentearen aldekoek kontra daudenen aurka tiro egin dutenean. Oposizioko kideen arabera, hiru lekutatik egin dute tiro. Hamahiru pertsona ere zauritu dituzte. Guztira, bost pertsona hil dira azken orduetan istiluetan, eta protestak hasi zirenetik, 145. Milaka dira zaurituak.
Erasoak izan arren, milaka pertsonak jarraitzen dute Tahrir enparantzan elkartuta, Mubaraken dimisioa eskatzeko, Al Jazeeraren irudietan ikus daitekenez. "Modu batera edo bestera Mubarak botako dugu" eta "ez du amore emango, ez dugu geure burua salduko" oihu artean. Manifestaziora deitu dute gaurko, Tahrir enparantzatik Mubaraken jauregira arte, baina jende andana batu da eta armadak tiroak egin ditu airera, berri agentzien arabera.
Egiptoko armadak tankeak sartu ditu Kairoko Tahrir enparantzan, goizaldeko tiroketaren ondorioz; baina Al Jazeera-k jakinarazi duenez, soldaduek ez dute esku hartu. Mohamed el Belgati Anaia Musulmanetako kideak esan du manifestazio baketsuak "kaos" bihurtzen ari direla. Mohamed El Baradei Bakearen Nobel saridunak krimenak egitea aurpegiratu dio Mubaraken erregimenari: "Herriari aukera egiteko eskatzen ari zaio: bera edo kaosa".
El Baradei, aurkezteko prest
Hain zuzen, El Baradei prest agertu da iraileko presidentetzarako hauteskundeetan bere burua aurkezteko, jendeak horrela eskatuz gero. The Daily Telegraph egunkariari eskainitako elkarrizketa batean demokrazia eskatu du Egiptorentzat, eta Mubaraken Gobernua "gaizkilea eta hiltzailea" dela salatu du. Hauteskunde horietara ez aurkezteko erabakia iragarri du Mubarakek, baina horrek ez ditu protestak gelditu.
Anaia Musulmani buruz, berriz, ukatu egin du muturreko islamistak direla, eta, erlijioari dagokionez kontserbadoreak diren arren, "gizarte zibil batean egin nahi dute lan". Horregatik, ukatu egin du Egipto Iranen moduko erregimen islamista bat bihur daitekeela; hala erantzun die Israelek egindako salaketei.
Protestak Egipton
Oposizioak dio gezurra dela gobernuarekin elkarrizketak hasi dituela
Lau pertsona hil dira goizaldean Kairoko Tahrir enparantzan izan den tiroketa batean. Hosni Mubarak presidentearen aldekoek tiro egin diete oposizioko kideei. Milaka pertsonak jarraitzen dute Tahrir enparantzan elkartuta, presidentearen dimisioa eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu