LIBANO. ZAHER RAAD

«Oposizioak gehiengoa lortzea espero dugu»

2005eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
PSP Alderdi Sozialista Aurrerakoiko Politburoko ordezkaria da Zaher Raad. Ualid Jumblatt diputatua buru duen alderdiak sozialdemokratatzat eta justizia sozialaren aldekotzat jotzen du bere burua, eta gehienbat druzoek osatzen dute, nahiz eta beste komunitateetako kide eta jarraitzaileak ere izan. Gerra zibilean (1975-1990) PSPren orduko miliziak rol garrantzitsua jokatu zuen, LNM Libanoko Mugimendu Nazionala ezkerreko indarren koalizioan (palestinarrek ere parte hartu zuten) zein honetatik kanpo. Iazko irailean Emile Lahud presidenteari karguan beste hiru urte egotea ahalbidetu zion legearen aurka agertu zen PSP, eta joan den otsailean Rafik Hariri lehen ministro ohia hil zutenean oposizioaren buruan jarri zen Siriako soldaduek eta zerbitzu sekretuek Libanotik alde egin zezaten eskatuta.

Zer-nolako jarrera izan du PSPk azken hileotako gertakarien aurrean, hots, Rafik Haririren hilketaren eta Siriako eta Libanoko gobernuen kontrako manifestazioen inguruan?

Oposizioak Siriako tropek Libanotik hanka egiteko eskatu zuen, gure herrialdea politikoki eta militarki kontrolatzen zutelako. Haririren seme Saad eta arreba Bahiak osatutako taldeak, Kornet Shehuan Elkarretaratzeak, Ezker Demokratikoak eta geuk koalizioa osatu genuen Damaskoren politikari aurre egiteko. Haririren hilketaren erantzukizuna Siriako eta Libanoko zerbitzu sekretuei, hein batean edo bestean, leporatu genien.

Haatik, Hezbolak Israelgo zerbitzu sekretuak seinalatu zituen erantzuletzat. Zer diozu horretaz?

Uste dut Libanon inork ezin duela akusazio hori benetan ontzat eman. Hezbolak badaki Haririk erresistentzia sostengatzen zuela Israelen presentzia militarraren kontra [Shebaako etxaldeetan, hegoaldean], baina Libanon mundu guztiak badaki Hariri ez zutela israeldarrek hil.

Nola ikusten duzu AEBek, Frantziak eta Israelek azkenaldian Libanoko politikan duten rola edota eragina?

Libanoar gehienon artean kontsentsua dago Israelgo Armada Shebaako etxaldeetatik erretiratzeko eskariaren inguruan. AEBei dagokienez, nazioartearekin batera Siriaren erretreta behartzen lagundu duten arren, gu eszeptikoak gara Washingtonen rolaren aurrean, ikusirik Iraken zer egiten ari diren. AEBek Iraken daramaten okupazioa eta jokabidea errefusatzen dugu libanoarrok. Siriari Libanon eskua ez sartzeko eskatu badiogu, gauza bera eskatzen diegu AEBei eta Frantziari. Libanok bere burua gobernatu beharko luke.

Zein da PSPren estrategia Shebaako etxaldeen okupazioa bukatzeko?

Erresistentzia sostengatzen dugu, Libanoko lurralde osoa askatu arte. Hezbola guretzat ez da talde terrorista bat, erresistentzia da. Guretzat zilegi da Libanoko lurraldea armaz askatzea. Shebaarekin dagoen arazoa zera da: NBEk eta Israelek diote eskualdea Siria dela, nahiz eta Siriak eta libanoarrok Libano dela esan; baina Siriak NBEri agiri ofizial bat helarazi beharko lioke honek irizpidea alda dezan. Hala, Shebaaren aterabidea ez litzateke 242 eta 338 ebazpenen arabera jorratuko, baizik eta 425 ebazpenari jarraiki, zeinak Israel Libano osotik atera behar duela ebatzi zuen 1978an.

Zer ondorio izango ditu Siriako Armada Libanotik atera izanak?

Hara, Armada erretiratu da baina oraindik ez gaude ziur ea zerbitzu sekretu guztiak erretiratu diren. Susmoak daude oraindik Beiruten daudela eta hauteskundeetan eskua sartzen eta manipulatzen ari direla. Guk Taifeko Akordioa [1989koa] erabat gauzatzeko eskatzen dugu. Horretan oinarrituta, Libanoren eta Siriaren artean harreman normalak eta adiskidetasunezkoak garatu nahi ditugu. Baina bion independentziaren errespetua funtsezkoak da. Ez dugu esku sartze eta menperatzeeredu zaharretara berriz itzuli nahi.

Jumblattek dio NBEren 1559 ebazpena «ezegokia» dela eta Hezbolaren armak Libanoren barne auzia direla...

1559 ebazpenaren kontra gaude. Horren ordez, Taifeko Akordioa babesten dugu, Libanorako egokiagoa dela iritzita. Uste dugu Siriako Armadaren erretreta hobeto egingo zela Taifeko Akordioei jarraiki, 1559 ebazpenari jarraiki baino. Ebazpenak Hezbolaren desarmea eskatzen du, baina gure iritziz, auzi horri libanoarron arteko elkarrizketaren bidez heldu beharko genioke, eta lehentasuna eta estrategia israeldarren eta arabiarren arteko gatazkaren konponketara bideratuta. Beraz, ez da nazioarteko auzi bat, Libanokoa baizik.

1559 ebazpenak, inoren izenik aipatu gabe, Hezbolaz gain Libanon diren talde armatu palestinarren desarmea eskatzen du. Zer diozu horretaz?

Uste dut mundu arabiarrean ditugun arazoen konponbidea Palestinako gatazka konpontzetik pasatuko dela: estatu palestinar independente eta bideragarria beharrezkoa da. Hori gabe ez dago aterabiderik. Ene ustez, Libanoko errefuxiatu palestinarrek ez dute orain armarik behar, baina desarmea libanoarron eta palestinarren arteko elkarrizketaren ondorioz beharko luke izan. Baina haiek pairatzen dituzten arazoak era konpondu beharra dago; batez ere eskubide zibil eta sozialak ematea funtsezkoa da, baina beren sorterrira itzultzeko eskubidea gauzatu behar da.

Esaten da Libanoko alderdiek eta gizarteak iraganeko akatsetatik ikasi dutela, beste gerra zibil bat saihesteko adina. Iritzi berekoa zara?

Ez dut uste Libanon inork beste gerra bat piztea nahi duenik. Demokrazia mantendu eta geure burua gobernatu beharra dugu, eta Siriarekin eta mundu arabiarrarekin harreman onak izan.

Zer jarrera du PSPk sistema politiko konfesionalarekiko?

Bizitza zein ordezkaritza demokratikoa garatzeko oztopoa da; guk sistema sekularra eskatzen dugu, Taifeko Akordioei jarraiki.

Nola uler daitezke etsai ohiek bozetarako aliantzak egitea? Esaterako, PSPk LF Indar Libanoarrekin (maronita eskuindarrak) bat egin du zenbait barrutitan.

Haririren hilketak eta Siria erretiratzeko eskaerak oposizioa batu du. Lehentasunak demokrazia leheneratzea, iraganari baino geroari begiratzea eta etsaiak adiskidetzea dira. Horregatik egin behar dira aliantzak. Ordezkaritza handitzea eta oposizioak gehiengoa lortzea espero dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.