Oposizioarekin ados jarri ondoren, gobernua osatzea lortu dute Libanon

Hezbola xiitak eta bere aliatuek onartu dute ekaineko bozak irabazi zituzten Saad Haririren taldearekin batzea

2009ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Libanon, batasun gobernua eratzeko ados jarri dira iragan ekaineko hauteskundeak irabazi zituzten Saad Hariri lehen ministroaren jarraitzaileak eta oposizioko indarrak, azken horien artean Hezbola alderdi xiita delarik nagusi. Bozen ostean, Michel Suleiman presidenteak Saad Haririren esku jarri zuen gobernu baten osaketa, baina bost hilabete igaro dira horrelakorik gauzatu gabe. Azkenean, baina, Haririk onartu ditu Hezbolak eta haren aliatuek eginiko eskari batzuk, eta dirudienez, arazo larriena eragiten zuen gai nagusia konpondu dute: ministroen izendapena. Ondorioz, Hezbolako kideek baiezkoa eman diote batasun nazionaleko gobernu batean sartzeari. Siriak, Iranek, AEBek eta Saudi Arabiak ontzat jo dute akordioa, eta txalotu dute bi aldeek egin duten ahalegina auziari irtenbidea emateko.

Saad Hariri buru izango duen gobernuan parte hartzeko erabakia ostiral arratsaldean egin zen bilera batean hartu dute. Bilkura horretan egon ziren Hezbola alderdi xiitako buruzagi Hassan Nasralla, Nabi Berri Libanoko Legebiltzarreko presidentea eta Libanoko milizia kristau bateko buru izandako Michel Aoun jeneral ohia. Nasralla, Berri, Aounen eta euren jarraitzaileak Saad Hariri buru duen CPL Korronte Patriotikoko Askea koalizioaren oposizioan daude; Haririren taldeak gehiengoa dauka. Hariri eta bere ingurukoak Mendebaldeko herrialdeen eta Saudi Arabiaren aliatuak dira, eta Hezbola eta harekin bat egiten dutenak, berriz, Siriak eta Iranek sustatuta daude.

Ordu gutxi batzuetan negoziazio gogorrak izan dituzte. Ostiral arratsaldeko bileran egondakoek gobernuan sartzeko adostasuna Haririri helarazi zioten atzo arratsalde partean. Hezbolak eta bere aliatuek gobernuan sartzeko proposatzen dituztenen izenak aurki jarriko dituzte Haririren eskuetan. CPLko buruzagiak, azkenean, gobernu horren osaera Suleiman presidenteari aurkeztuko dio, oniritzia eman diezaion. CPLren inguruko arduradun batek zehaztu du gobernuaren osaketa biharko gauzatuta egongo dela. Bilera horren ondoren, han izandakoak akordioaz mintzatu dira: «Akordioak onurak ekarriko dizkio Libanori eta herriari, eta gobernu sendoa osatuko dugu», esan dute.

Ministroen kopuru banaketa

Iragan ekainaz geroztik zirauten negoziazioetan, eta Haririren inguruko gehiengoa eta oposiziokoak ados jarri ziren, arazorik gabe,ministroen kopuru banaketaren kontuaz. Zehazki, batasun nazionaleko aginte honetan, hamabost ministro gehiengoaren aldekoak izango dira, hamar oposiziokoak eta bost, aldiz, «neutralak» lirateke, azken horiek Suleiman presidenteak aukeratuak izango dira. Ministro kopuruaren kontuak, beraz, ez zuen arazorik sortzen, bai, ordea, karguen banaketak. Korapilo hori askatzeko xedean, Saad Haririk, antza, oposizioaren eskari batzuk onartu ditu.

Gehiengoaren aldeko iturri batek emandako datuen arabera, Haririk onartu ditu oposizioaren bi eskari. Horietatik bat litzateke bere gobernuan hartzea Michel Aounen suhia den Gebran Bassil.Telekomunikazio ministro karguan egona da jadanik, eta CPLkoek leporatzen zioten Hezbolak bere kabuz eratutako telekomunikazio sarearen legez kanpo jartzeko ezer egin izana. Haririk Bassil berriro ere gobernukide izatea onartu badu ere, ez luke, ordea, aurretik zuen kargua berreskuratuko. Hala eta guztiz ere, Telekomunikazioen Ministerioa Aounen alderdikide batek eskuratuko lukeela diote iturri batzuek.

Gai horrek zalaparta larria sortu zuen 2008. urtean. Izan ere, ordura arte gobernuan egon zen Hezbolak agintetik alde egin ondoren, CPL koalizioa nagusi zegoen gobernuak ikerketa bat abian jarri zuen, alderdi eta milizia xiitak bere kontura eratutako telekomunikazio sareaz. Erabaki horrek giroa gori-gorian jarri zuen, eta alde ezberdinetako milizien artean borroka gogorrak gertatu ziren, horietan ehun bat lagun hil zirelarik guztira. Gertakari horiek izan ziren Libanok pairatutako gerra zibilaren (1975-1990) amaieraz geroztik izandako larrienak. Tentsioak goren-gorenera jo zuen Hezbolak Beiruteko auzune batzuen kontrola hartu zuenean, -zeinetan bere jarraitzaileak gehiengoan diren-.

Bi ministerioren ardura

Libano hegoaldean nahiko indartsu dagoen alderdi xiitak, hain zuzen, bi ministerioren ardura izango luke eratuko den batasun nazionaleko gobernu horretan. Gertakizun hori ez lukete baterebegi onez ikusi behar, baina, Hezbolak etsai amorratu duen Israelek ezta Tel Aviveko agintearen aliatuak diren Ameriketako Estatu Batuek ere, baina AEBek onartzen dutela esan du.

Haririk eta CPLek, baina, ez zeukaten beste aukerarik, bost hilabeteotan zirauen krisi politikotik irteteko. «Egia da bozak irabazi genituela, baina 2006 eta 2008 urteen bitartean gertatutako gatazka giroa ez genuen errepikatzen ahal», adierazi du Haririren inguruko iturri batek. Gehiengo horretako diputatu Okab Sakrek ildo beretik gaineratu du: «Haririk ezinbesteko kontzesioak egin ditu hautsi-mautsi batera iristeko». Legebiltzarkide horren iritzian, «Libanorentzat arriskua zen horrela jarraitzea, hala nola Israelen mehatxua, baita erakunde terrorista batzuek aginte hutsunea baliatzea ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.