M. Kimutai Too Eldoret herriko -Rift haraneko mendebaldean- hotel batera zihoan tiroka hil zutenean. Emakume polizia batekin zegoen eta hura ere hil zen handik gutxira, zaurien eraginez. Hilketa pasionala Poliziari jarraiki, baina, «hilketa politikoa» Odingaren arabera: «Parlamentuan dugun gehiengoa gutxitzeko helburua zuen». Asteartean oposizioko alderdi nagusiko beste kide bat hil zuen Poliziak: Melitus Mugabe Were izeneko politikaria. Hala ere, Annanek azaldu duenez, krisiaren oinarrizko arazoak urte batean konponduko dira, eta berehalako auzi politikoak lau astetan. Horren harira, Odingak onetsi egin du Annanek orain arte egindako lana.
Eledunaren ustezko hiltzaileaatxilotu egin dute. Errepideetako polizia da. Hilketaren berri jakin orduko jendetza pilatu zen gorpua eraman zuten erietxearen inguruan, baita polizia etxearen aurrean ere, hiltzailea jipoitzeko asmoz. Manifestariek barrikadak jarri zituzten, eta Poliziak hiru pertsona hil zituen Eldoret herrian. Kenyako beste herrietan ere istiluak izan ziren. Odingaren arabera, AEBek FBIa eskaini dute heriotza ikertzeko. Kenyan «garbiketa etnikoa» dagoela uste du AEBen Afrikarako ordezkari Jendayi Frazerrek.
AFRIKAKO BATASUNAREN BILKURA. Hasi berriak ziren bake elkarrizketei ez ezik, Afrikako Batasuna (AB) Etiopiako Addis Abbeba hiriburuan egiten ari diren 10. konferentziari ere eragin zion hilketak. Bihar arte iraungo du, eta atzo ez bezala, Kenyako gatazka mintzagai nagusia izatea espero da. Sarraskiaren aurrean ekimena hartzeko galdegin die ABko bozeramaileak ordezkariei. Odinga bilkurara gonbidatzea proposatu du Senegalgo presidente Abdoulaye Wadek. Alabaina, Etiopiak aukera hori baztertu du. Izatez, gobernuetako ordezkariak soilik joan ohi dira bilkurara.
ABk Kenyan isuritako odolari buruz neurririk ez hartzea salatu du Wadek: «Afrikaren irudia dago jokoan Kenyako auzian». ABren bilkuraren irekiera ekitaldian parte hartu ondoren, Nairobin izango da gaur Ban Ki-moon NBEren idazkari nagusia. Kofi Annanen bitartekaritza sostengatzea du helburu. Kibakirekin atzo bildu zen eta Odingarekin gaur egongo da. Biek krisia konpontzeko «eginahalak» egin behar dituztela iritzi dio, eta Afrikako agintariei eskatu die biak estutzeko, «ezberdintasunak elkarrizketaren bidez eta demokratikoki konpon ditzaten».
Bake giroan errotuta, alboko herrialdeetako gatazken bitartekari izaten ohitua zegoen Kenya orain arte, eta kontinenteko krisialdi latzenaren agertoki bilakatu da. Kibakiren garaipena aldarrikatu zenetik gutxienez 850 hildako eta 250.000 desplazatu izan dira.
«Hilketa politikoa izan da, eta Parlamentuan dugun gehiengoa gutxitzeko helburua zuen»
Raila odinga
oposizioko ODM alderdiko buruzagia
«Kibakik eta Odingak eginahalak egin behar dituzte auzia elkarrizketaren bidetik konpontzeko»
ban ki-moon
Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia
Rift haraneko
lur emankorrenakAbenduko bozetako iruzurraren ostean, ehunkahilketaren lekuko izan da harana eta historian ere zeresan handia izan du.
e.r.
Rift haranak Kenyako lurraldea banatzen du hegoaldetik iparraldera. Haustura geologikoak Afrikako eta Asiako beste hainbat lurralde ere hartzen ditu. Dena den, Afrikan zeresan berezia du lehen hominidoen sorleku izan zelako. Bertako lur emankorrenen bila doazen etnia eta tribuen banaketa eta gatazka iturri izan da aspalditik. Horregatik, adituek uste dute abenduko hauteskundeen ondoren sortutako gatazkaz gain- azken asteotako indarkeria haranean lehertu da batez ere-, lurren beharrak ere eragin duela ehunka pertsona hil dituenhondamendia.
Kikuyu tribuko kideen eskuetan dago nekazaritzarako egokiena den lur eremua gaur egun. Herrialdeko elitearen taldea da eta Mwai Kibaki presidentearen tribua. Kenyak Erresuma Batutik independentzia lortu zuenean eskuratu zituzten lurrak. Masaai tribuko kideen eskuetan izan zen XIX.mendea bitartean Rift harana, Europarron salerosketa ekimena heldu zen arte. Orduan, nekazari ingelesek atera zuten lurraren onura. Mende erdia baino gehiago igaro ondoren, 1963an independentzia erdietsi zuen herrialdeak. Rift haraneko lur preziatuak, ordea, ez ziren masaaien eskuetara itzuli. Kikuyu tribuko nekazariek erein dute gerora.
Erresuma Batuaren menderakuntza kolonialaren aurka hobeki antolatu zen taldea izan zenez, burujabetzaren lehen fruituez gozatu ahal izan zuen. Hala ere, Kenyako adituek uste dute masaaiek ere bailaratik onura ateratzen dutela gaur egun ere. Etnien arteko gatazka hutsaz gain,biziraupen borroka konplexuago bat dago auzi odoltsuaren sakonean.
Populazioaren hazkunde azkarra duen herrialdean lurren jabe izatea biziraupenaren parekoa da kenyarrentzat. Adituen ustez, litekeena da etnien eta tribuen buruzagi politikoek bozetarako giroa pozondu izana. Nekazaritza klaseen auzia berpiztea ei zuten helburuhauteskundeen harira. Kibaki presidentearen garaipen susmagarriaren inguruan eta oposizioaren aldarrikapenen harira iraganean sustraitutako gatazka ageri da.
OGIEK TRIBUA KINKA LARRIAN.Ogiek tribuak salatu duenez, bozen ondoren piztutako indarkeria oldearen biktima bilakatu dira. Ezti bilketan aritzen diren tribuko buruzagiek Poliziaren jokabidea salatu dute. Bost gazte tirokatu egin dituztela eta ehunka familiak ihes egin behar izan dutela deitoratu dute. «Ez dugu elikagaiak lortzeko aukerarik ezta aterpea edo botikak izateko ere». Poliziak tribuko emakume batzuk bortxatu dituztela salatu dute eta ogiek tribuko hainbat etxe kiskali dituztela.
Afrikako ekialdean bizi diren herri ehiztari eta biltzaile bakanetakoa da. Mau mendiko oihanean bizi dira, Rift haranaren gainean. Enbor hutsetan jartzen dituzten erlauntzetatik ateratzen dute eztia, euren ogibidea. Erlauntzak zuhaitzen adar altuenetan jartzen dituzte. Survival Gobernuz Kanpoko Erakundeak azaldu duenez, ogiek tribuko kideek urteak daramatzate oihanetatik bota ez ditzaten borrokan. Kolonoengandik, zurgintzatik eta te sailen ustiapenetatik ere defendatu nahi dute.