Elkarrizketa prozesuarekin konpromisoa agertzeko, keinu bat egin du Venezuelako Gobernuak: oposizioko bost preso askatu ditu, hasi eta bi egunetara.
Hain justu, igandean hasitako elkarrizketei babesa azaltzeko asmoz, oposizioko kideekin bildu da gaur Thomas Shannon AEBetako ordezkaria. Jesus Torrealba oposizioko kideak jakinarazi duenez, enbaxadatik jaso zuten bilerara gonbidatzeko deia, eta bileran, elkarrizketekiko babesa azaldu zien Shannonek.
Lau mahai elkarrizketarako
Igandean abiatutako elkarrizketetan, mahaia lautan zatitzea erabaki zuten Venezuelako Gobernuak eta oposizioak, herrialdeko egoera konpontzeko asmoz. Esku artean gai asko eta garrantzitsuak dituztela jakitun, lana banatzea erabaki dute, eta lau mahai eratu dituzte: subiranotasunaz hitz egiteko izango da bat; biktimez aritzeko bigarrena; hauteskundeetarako kronogramaz arduratuko da hirugarrena; eta egoera ekonomikoaz laugarrena —urgentziazko neurriak hartzea espero da—.
Elkarrizketok egin daitezen, Hego Amerikako Nazioen Batasunarekin lanean aritu dira Martin Torrijos, Leonel Fernandez eta Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente ohiak, Vatikanoa eta Unasur. Hain justu, Claudio Maria Celli Vatikanoko ordezkariak irakurri zuen, bileraren ostean, akordioaren berri ematen duen agiria, bi aldeek sinatua.
Lau mahaietan Unasurreko eta Elizako bitartekariak izango dira, eta gobernuko zein oposizioko kide bana, bakoitza bere aholkulariekin. Mahai horietako bakoitzak bere bidea egingo duen arren, gaur elkartu den mahai nagusiak ere ez dio biltzeari utziko, eta azaroaren 11n izango da bigarren bilera.