Luzaroan erabaki ezinda izan ondoren, NCSROF Siriako Iraultzaileen eta Oposizioaren Koalizio Nazionalaren zuzendaritzak baiezkoa eman dio Genevako konferentzian parte hartzeari, Reuters agentziak jakinarazi duenez. Bi egun eman dituzte eztabaidatzen Istanbuldik 60 kilometrora dagoen hotel batean, Turkian. Siriako gatazka konpontzeko helburua duen konferentziak gutxieneko arrakasta bat lortzeko itxaropena sortzeko, ezinbertzeko baldintza zen NCSROFek parte hartzea. Azken hilbeteetan, koalizioaren ordezkariek zenbaitetan adierazi dute parte hartuko zutela, baina ondoren hori ukatu izan du bertze ordezkariren batek.
Genevako konferentzia asteazkenean hastekoa da, gonbidatutako herrialdeen eta nazioarteko erakundeen bilkurarekin. Suitzako Montreux hirian elkartuko dira. Ortziralean, berriz, Siriako Gobernuaren eta NCSROFen ordezkariak lehenbiziko aldiz elkartzekoak dira aurrez aurre, Genevan.
Nahiz eta konferentzia hasteko egun gutxi falta diren, auzi erabakigarriek lotu gabe segitzen dute; adibidez, ez dago argi Iranek parte hartuko duen —AEBek ez dute nahi, eta betoa paratu diote oraingoz—, ezta kurduei ordezkaritza propio bat izatea onartuko dieten —AEBek ere ez dute nahi hori—. Gainera, oposizioko bertze koalizio batek, NCC Koordinazio Nazionalerako Batzordeak uko egin dio Genevan parte hartzeari ez duelako NCSROFen gidaritzapean joan nahi, eta talde armatuek ere ez dute jarrera bateratu bat hartu.