Egiptoko Legebiltzarrerako bozen bigarren txanda oposiziorik gabekoa izango da. Ezen, joan den azaroaren 28an egin zen lehen itzuliaren emaitzak jakitean oposizioko bi indar nagusiek bigarren itzulian ez lehiatzeko erabakia hartu dute. Hosni Mubarak Egiptoko presidentearen alderdiak 492 eserlekuetatik 209 bereganatu zituen. Anaia Musulmanak eta Al Wafd alderdiak dira bozei uko egin diotenak.
Anaia Musulmanak indar politiko islamistak joan den asteazkenean jakinarazi zuen ez zela bigarren itzulian lehiatuko. 2005eko bozetan 88 hautetsi lortu zituen alderdiak, eta lehen txandakoemaitza ofizialen arabera, hautetsi bakar bat ere ez zuen lortu. Egipton Anaia Musulmanak izenarekin aurkeztea debekatua denez, indar politiko honetako hautagaiak independente gisa lehiatu dira. Gaurko bigarren itzulian, hauetatik 26 lagunek lehiatzeko aukera izanik ere, alderdiak erabaki du hauteskundeetan parte ez hartzea. Lehen itzulian iruzureta arau-hauste ugari izan zirela salatu dute Anaia Musulmanek. Era berean, kanpainanjazarpen handia jasan dutela salatu du indar politiko islamikoak. Anaia Musulmanen 1.400 kide edo jarraitzaile baino gehiago atxilotu dituzte azaroaren 28ko bozketa eguna aurretik, hauetatik asko oraindik ere atxilotuta daudelarik.
Anaia Musulmanak, baina, ez dira bigarren txandari uko egin dioten bakarrak izan. Ezen, Egiptoko alderdi politiko zaharrenak, Al Wafd (Ordezkaritza) indar laikoak ere, lehiatik kanpo zegoela jakinarazi zuen ostegunean. Honek ere, lehen itzulian ustez izandako iruzurra eta kanpainako indarkeria giroa salatu egin ditu. Al Wafdek sei hautetsi baino ez zituen diputatuen ganbaran. Heldu den azaroaren 28an, 78 hautagai aurkeztu zituen, eta hauetatik bi hautatu zituzten lehen itzulian; bigarren txandan, aldiz, zazpi barrutitan lehiatu zitekeen.
PND lehen txandatik nagusi
Hosni Mubarak Egiptoko presidentearen PND Alderdi Nazional Demokratikoa, beraz, ia oposiziorik gabe lehiatuko da bigarren itzulira. Ia, zeren eta, bi erakunde politiko, atzora arte behintzat, bigarren itzulian lehiatzeko prest zeuden: Nasser Egiptoko presidente zenaren ondorengoa aldarrikatzen duten Tagamu (Elkarretaratzea) eta Alderdi Nasserista. Lehenak 78 hautagai aurkeztu zituen lehen itzulian eta bigarrenak, 43. Alabaina, bigarren txandan, bion artean hamar bat barrutitan soilik lehiatzeko aukera dute. Bigarren itzulian lehiatzeko ala ez, eztabaida sutsuak izan dituzte Tagamu alderdian. Mubaraken agintearen egitate ez demokratikoak salatzearren, alderdikide ugarik hauteskundeen bigarren itzulian ez lehiatzeko eskatu diote alderdiko agintaritzari. «Bigarren itzulian egotea erabakitzen bada, askok eta askok alde egingo dugu», ohartarazi du alderdiaren Kairoko ordezkaritzako burukide batek.
Gauzak horrela, PND oso lasai lehiatuko da gaurko bozetan. Lehen itzulian bertan 209 hautetsi lortu zituen eta lehian geratzen diren 283 eserlekuetatik gehien-gehienak eskuratzeko aukera izango du. Egoera honek beste behin ere agerian jarriko du presidentearen botere osotasuna, horren inguruko salaketak gero eta ozenagoak badira dira ere, bai herrialdean bertan zein kanpo.
Hosni Mubaraki aurre egiteko ekimenak, hala ere, gero eta ugariagoak eta sendoagoak dira.Anaiak Musulmanek Aldaketarako Fronte Nazionalarekin eskuz esku lan egitearen aldeko asmoa agertu dutenak gero eta gehiago dira Egipton. Erakunde politiko honen burua IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari izandako Mohamed el Baradei da. Honek, hain zuzen, txalotu egin du Anaia Musulmanek bigarren itzulitik erretiratzeko hartu duten erabakia. «Erretiratze honek aukera bat gehiago ematen dio aldaketa gauzatzeari eta herritarren askatasuna bahitu dutenei erantzute irmo bat emateko aukerari», adierazi du El Baradeik. IAEAko buru ohiak 2011ko Presidentetzarako bozetan lehiatzeko asmoa agertu du behin eta berriro eta, oposizioak jasan duen jazarpena dela eta, lehen itzulian bertan egin zien boikota hauteskundeei.
Oposiziorik gabeko Egipto
Anaia Musulmanak eta Al Wafd oposizioko alderdiek uko egin diote gaur egingo den bozen bigarren itzulian parte hartzeari. Mohamed el Baradeik erabakia txalotu du «aldaketarako aukera bat» dela zehaztuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu