ARKEOLOGIA

Orain arteko aztarnategi «garrantzitsuenetako bat» aurkitu dute Jerusalemen

2.700 urte inguruko arkeologia aztarnategi bat aurkitu dute Judan; eskualdean «inoiz aurkitutako» bildumarik «handi eta garrantzitsuenetako bat».

2.700 urte inguru dituen aztarnategia aurkitu dute Judan. ATEF SAFADI / EFE
Oihane Puertas ONA
2020ko uztailaren 22a
18:52
Entzun

Israelgo arkeologoek lurpetik atera dute 2.700 urte inguruko arkeologia aztarnategi bat, Judan (Jerusalem). Hiriaren mendebaldeko gunean aurkitu dute «ohikoa ez den egitura handi hori», eta, bertan, antzinako pitxerren heldulekuak eta buztinezko piezak. Israelgo Antigoaleko Objektuen Agintaritzaren arabera, eskualdean «inoiz aurkitutako» bildumarik «handi eta garrantzitsuenetako bat» da.

Guztira, 120 pitxer kirten aurkitu dituzte, antzinako hebreeraz inskribatutako estanpak dituztela. Batzuek «LMLK» akronimoa dute inskripzioetan: «erregearena» esan nahi du. Beste batzuek, ordea, «Judako Erresumako goi funtzionarioen eta pertsona aberatsen izenak» dituzte inskripzioetan. Horrez gain, emakume, zaldizko eta animalia formako buztinezko piezak topatu dituzte; horiek «gurtza paganorako eta idolatriarako erabiliko ziren, ziurrenik».

Israelgo Antigoaleko Objektuen Agintaritzako Yuval Baruch doktoreak azaldu duenez, Burdin Aroan kokatzen den eremua «funtsezkoa» izan zen «Judako Erresumaren azken garaietako historian funtsezkoa». Gainera, zerikusia du monarkia horren administrazio zentralizatuari lotuta egondako eta «Jerusalemgo eremuan aurkitutako beste toki nagusi batzuekin».

Arkeologoek adierazi dutenaren arabera, Bibliako iturriek diotenez monarkia hori egun Israel eta Palestina dauden eremuaren hegoaldean kokatu zen K.a. X. mendean, Israelgo Erresumatik banandu ondoren. Israelgo Erresuma asiriarrek konkistatu zuten K.a. VIII. mendean, eta Juda babiloniarren esku erori zen K.a. 586an. Konkista horren eraginez, monarkiak gunea utzi egin behar izan zuen, baina, handik gutxira, berriro ere okupatu eta hango jarduera ez zen eten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.