Orain arteko kutsatu kopururik handienaren berri eman du Indiak: 314.835 egun bakarrean

Herrialdeko iparraldean eta mendebaldean, erietxeetako arduradunek iragarri dute ordu gutxi batzuetarako oxigeno bonbonak geratzen zaizkiela, eta erietxeen bi herenetan ez dago ohe librerik.

Erietxeek itzulitako oxigeno bonbona hutsak Bangaloreko enpresa baten kanpoaldean. JAGADEESH NV, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko apirilaren 22a
10:38
Entzun

Bigarren olatuak gogor jo du Indian. Mundu osoan orain arte herrialde batek jakinarazi duen kutsatze kopuru handienaren berri eman du New Delhik: 314.835 egun bakar batean. Egoera benetan larria dela ohartarazi du Medikuen Elkarteko presidente Kirit Gadhvik. Elkarteak zabaldutako datuen arabera, dagoeneko ez da ohe librerik geratzen iparraldeko eta mendebaldeko erietxeetan, eta larri dauden gaixoentzat gordetako oxigenoak ordu batzuk soilik iraungo du. «Egoera oso larria da. Gaixoek borrokatu egin behar dute ohe bat lortzeko», azaldu du Gadhvikek. 

Sare sozialetan zabaldu dituzten irudietan ikus daitezke gaixoen senideak ilara egiten oxigeno bonbonak betetzeko, Uttar Pradesh estatuan. «Ez genuen uste egoera honetara iritsiko ginenik. Utzikeriak eragin du botika eta baliabide nahikorik gabe heldu izana bigarren krisialdi honetara», aitortu du Kiran Mazumdar Shawk, Indiako Biocon & Biocon osasun enpresako arduradunak.

Egoera larrian dauden hirietako bat da New Delhi. Osasun ministro Satyendar Jainek aitortu du 5.000 ohe inguru falta dituztela zainketa berezietako unitateetan. Hiriburuko erietxe batzuek iragarri dute hamar ordurako oxigenoa geratzen zaiela, eta beste batzuek, sei ordurako oxigenoa dutela.

Indiak urtarrilean hasi zuen txertaketa kanpaina, baina gaur arte 600 milioi herritarretatik gutxi batzuk soilik txertatu dituzte. Gobernuak iragarri du maiatzaren 1etik aurrera 18 urtetik gorako edonork eskatu ahal izango duela txertoa, baina adituek ohartarazi dute gaur-gaurkoz herrialdeak ez duela nahikoa dosi guztiak txertatzeko. Oposizioak, berriz, Narendra Modi lehen ministroari egotzi dio txertoak atzerrira saltzea, aurrez herritar guztientzako adina egotea bermatu gabe. Hark, ordea, ukatu egin du halakorik, eta esan du, aurreko olatuan bezala, oraingoan ere «aurrera» aterako direla.

Aurreko krisia abenduan eman zuten gainditutzat, eguneko 10.000 kasu inguru atzematen hasi zirenean. Baina, gerora ikusi denez, azkarregi arindu zituzten neurriak, eta kutsatzeak azkartu egin dira azken asteetan, milioika lagun bildu dituzten jai erlijioso eta mitin politikoekin. Egoera larria izanda ere, Modik baztertu egin du etxeratze agindurik ezartzea. Iaz hartu zuen neurri hori, baina orduan ere kritikak jaso zituen itxialdiaren ondorio ekonomikoengatik.

Aldaera berria

Adituen esanetan, bi mutazioko aldaera batek eragin du bigarren olatua, hasierako aldaera baino azkarrago zabaltzen baita. «Indian gertatzen ari dena erabaki politiko okerren eta aldaera berri eta kutsakorragoen arteko nahasketaren emaitza da», azaldu du Angela Rasmussen AEBetako Georgetowngo Unibertsitateko birologoak, Twitterren.

Aurreko kutsatze daturik handiena AEBek eman zuten, joan den urtarrilean: 297,430 kasu. Baina, geroztik, txertaketa kanpainari esker, nabarmen gutxitu dira positiboak herrialde hartan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.