Orain arteko sarraskirik handiena salatu du oposizioak Sirian

Tremseh hirian 220 lagunetik gora hil izana egotzi diote Damaskori, baina Al-Assadek «talde terroristak» egin ditu erantzuleAgindutako konpromisoa urratu izana leporatu dio Kofi Annanek Siriako aginteari

Orain arteko sarraskirik handiena salatu du oposizioak Sirian.
Jon Fernandez.
2012ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
«Atsekabetuta eta izututa» dago Kofi Annan, herenegun Siriako Tremseh hirian gertatutakoa ezagutu ostean. Egoitza Londresen du Siriako Giza Eskubideen Erakundeak, eta, haren arabera, Baxar al-Assaden armadak 150 lagun hil zituen joan den eguenean Hama probintziako Tremseh hirian; Hamako Iraultzaren Gidaritza Kontseiluaren arabera, berriz, 220tik gora dira Damaskok arma astunekin hildakoak, gehienak zibilak. SANA Siriako informazio agentzia ofizialak, ordea, guztiz bestelako bertsioa eman du: «talde terroristek» egin dute erasoa Tremsehen, eta 50 zibiletik gora hil dituzte.

NBE Nazio Batuen Erakundeko eta Arabiar Ligako mandatari bereziak gaitzetsi egin du «basakeria», eta gogor kritikatu du Damasko: «Gobernuak urratu egin du hitzemandakoa. Hirietako erdiguneetan arma astunik ez zuela erabiliko agindu zuen, eta sei puntuko plana beteko zuela». Bestalde, NBEren behatzaileen arduradun Robert Mood jeneralak jakinarazi du atzo ere indarkeriak jarraitzen zuela Tremsehen; behatzaileak ez dira hirira sartu, baina bost kilometrotatik begiratu dute egoera. Bertaratu eta «gertatutakoa argitzeko» prest agertu dira 300 behatzaileak. Horretarako baldintza gisa, eremu horretan su-eten egiaztagarri bat egitea eskatu dute.

Oposizioko taldeek diotena baieztatuz gero, azken hamasei hilabeteetan Sirian izan den sarraskirik handiena izango litzateke Tremsehekoa. Azken bi hilketa jendetsuenak ere Hama probintzian izan dira. Joan den ekainaren 6an gutxienez 79 lagun hil zituzten ustez Damaskoren indarrek Mazraat al-Qubeir herrian; maiatzaren 25ean, berriz, 108 lagun hil ziren Houlan, gehienak zibilak. Aurreko sarraskietan bezala, oraingoan ere Al-Assaden errepresioa jo dute erantzule oposizioko talde nagusiek, eta gobernuak «talde terroristei» eta nazioarteko potentziei egotzidie erasoa, Sirian nazioarteko esku hartze militarra justifikatzeko iritzi publikoa limurtu nahia leporatuz.

Bi bertsio aurrez aurre

Abu Gazi oposizioko kideak azaldu duenez, eguen goizaldean hiria inguratu zuen Al-Assaden armadak, tankeekin eta hegazkinekin bonbardatu aurretik, eta ihes egiten ahalegindu zirenei tiro egin zien. Bonbardaketaren ostean, soldaduek oposizioko Siriako Armada Askeko kideekin egin zuten borroka Tremsehen, Gaziren arabera. Gainera, armadaren babesarekin Xabiha Damaskoren aldeko miliziak sartu zirela ere azaldu du, eta haiek zibilak hil zituztela kaleetan, medikuak eta bonbardaketan zauritutakoak batez ere. SANAren arabera, berriz, «terroristek» inguratu zuten hiria, eta zibilak «babestera» iritsi ziren soldaduak geroago. Abo Arif lekukoak, esaterako, armada lehenago ailegatu ez izanaren tristura agertu du Siriako telebista publikoan.

Nolanahi ere, ez dago argi zeintzuk osatzen dituzten Xabiha miliziak, eta nor dagoen euren atzean. Bestalde, Russia Today katearen arabera, oposizioko armada Al-Qaedaren eta CIAren agindupean ari da lanean Sirian. Duela hiru aste, hain zuzen, CIA Turkia hegoaldean sekretupean lanean ari dela argitaratu zuen The New York Times egunkariak, Siriako oposizioa armaz hornitzeko.

Siriako gatazkan dagoeneko 11.000lagun hil dira NBEren azken zenbaketen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.